Indarkeria matxistarik gabeko madalenen aldeko neurri sorta
Emakumeek eta LGTBI+ pertsonek pairatzen dituzten diskriminazio egoerez jakitun, neurriak hartu ditu udalak indarkeria matxistarik gabeko madalenen alde.
Udal ordezkariak indarkeria matxistarik gabeko madalenen aldeko protokoloa aurkezteko agerraldian. Ez bazaude eroso erasoa da. Aurreko urteetako lelo bera aukeratu du udalak aurten ere indarkeria matxistarik gabeko madalenen aldeko neurri sorta hartzeko unean. Kanpainarekin herritarrei mezu argia helarazi nahi dietela azaldu du Aizpea Otaegi alkateak, “hain zuzen ere gure herrian Madalen Jaietan ez dugula inolako erasorik nahi, berdintasunean eta aniztasunean bizi nahi ditugula, eta denok ere eskubidea dugula garen bezala eta gozatu nahi ditugun bezala gozatzeko”.
Erabat logikoa den hori, ez dela zoritxarrez hala gertatzen jarri du nabarmen udal agintariak, eta hori horrela, esku hartzeko neurriak eta politikak eskatzen dituela egoerak, “gaur aurkeztu dugunak horri erantzuten dio”.
Datozen egunetarako, hainbat dispositibo eta neurria ondu ditu udalak. Edozein erasoren aurrean, espezializatutako zerbitzu bat izango da aktibatuta telefonoz erantzungo duena, “behar dugunerako, behar dugunean jo dezake edonork, erasoa jasan duenak, erasoaren bueltan lekuko izan denak, edota akonpainatu nahi duenak. Gainera, ez da beharrezkoa salaketa formal bat egotea”. Hori horrela, animatu egin ditu emakumeak edozein erasoren aurrean jo dezaten telefono zenbaki horretara, “aholkularitza, laguntza eta akonpainamendua eska dezaten”.
Oso garrantzitsua den ideia bati ere azpimarra jarri dio Otaegik, ondokoari: “Inork ez du pertsona bat nola sentitu den zalantzan jartzeko eskubiderik; eraso baten erantzulea erasotzailea da”.
Hilaren 20tik 25era hogeita lau orduz izango da aktibo telefono zerbitzu hori, zenbakia, honakoa: 650 40 78 58. Hilaren 26tik 28ra ere izango da aktibo telefono zenbaki hori, 09:00etatik 13:00etara.
Doakoa da eta konfidentziala; artatzea, psikologo batek egingo du. Bertan jasotzen direnekin gainera, artaz gain, jaietan jazotakoa skotariko erasoen erregistroa egingo da, gertaerak agerian jartzeko. Erasoak erregistratzeko, ez da salaketa ofizialik egin beharko.
Erreferentziazko gunea azken urteetan
Telefonoaz gain arreta gune presentziala ere izango da jaien testuinguruan. Foru plazan kokatuko dute, eta bi profesional izango dira hilaren 21, 22 eta 24an 18:00etatik 02:00etara; eta hilaren 23an, 12:00etatik 02:00etara. Indarkeria matxisten inguruko sentsibilizaziorako eta prebentziorako gunea izango da, indarkeria horien gainean kontzientziatzeko. Horrela, eraso horiek jasan ditzaketen pertsonen bizipenak jaso eta egoera horiei aurre egiteko tresnak eskainiko dira.
Espazio hori erreferentziazko gunea bihurtu dela azken urteetan jarri du nabarmen Itsaso Cruz, Berdintasun zinegotziak.
Udaltzaingoaren zerbitzua ere indartuko dutela jaiei begira azaldu du alkateak, “inoiz baino hurbilago izango ditugu udaltzainak eta horretarako bi dispositibo izango dira. Udaletxeko atarian 24 orduz zabalik izango da edozein gertaera dela eta bertara joateko. Hilaren 19an ere izango dira bertan, 19:00etatik hurrengo eguneko 08:00etara. Bestea, bulego ibiltaria izango da, Pilotari kalean, eta azken horretan hilaren 21etik 24ra, 20:00etatik 02:00ak arte.
Gaueko autobus zerbitzuari ere egin dio aipamena Otaegik, izan ere, sinistuta dago garraioaren dimentsioa ere garrantzitsua dela emakumeek jaiak berdintasunean gozatu ahal izateko, “ohi bezala garraio zerbitzu zabala dago auzo guztietara gauez eta igogailuak 24 orduz zabalik izango dira, gure barne garraioan garrantzitsuak direlako horiek ere”. (Autobus zerbitzuak kontsultatzeko klik hemen).
Aurten madalenak tokatu diren moduagatik, hainbat zerbitzu larunbatetik aktibatuko direla zehaztu du Otaegik, nahiz eta jaiak ofizialki astelehenean hasiko diren. Protokoloa eragileekin, eta zehazki, mugimendu feministarekin eta Ostari elkartearekin elkarlanean egin dute protokoloa, eta hori ere balioan jarri du alkateak, “horrek sare bat eraikitzea ahalbidetzen du eta kontzientziadun jendea formatzea eta hori garrantzitsua da, azkenean ardura, guztiona delako, guztiok egin behar dugulako auzi hau gure ardurapeko”.
Desio bat azkenik udal agintariak, “izan daitezela jai onak, azken urteetan izan diren modukoak, errespetuan, aniztasunean eta berdintasunean oinarritutakoak”.
