"Zaintzarekin negoziorik ez!", esan dute Pasaiako etxez etxeko langileek
Langileek lanuztea eta Matiaren egoitzaren aurrean elkarretaratzea egin dituzte gaur goizean.
Etxez etxeko langileak, goizean, Matiaren egoitzaren parean egindako elkarretaratzean.ELA eta LAB sindikatuak Bi orduko lanuztea eta elkarretaratzea egin dituzte gaur Pasaiako etxez etxeko langileek, ELA eta LAB sindikatuek deituta. Udalak Matia-Goxara enpresari dio esleitua zerbitzu hori, eta hain zuzen ere Matiaren Donostiako egoitzaren parean egin dute protesta mobilizazioa langileek goizean. “Negozioazioa orain, zaintzarekin negoziorik ez”, esan dute.
Hiru aldeko lan gatazka da etxez etxeko langileena. Langileak, Pasaiako Udala, eta Matia-Goxara dira hirukiaren erpinak. Langileek eta udalak akordioa egina dute hitzarmena hobetzeko, baliabide ekonomiko gehiago bideratzeko konpromisoa hartua du udal erakundeak, langileen soldatak duintzeko eta haien lanaldiak zabaltzea ahalbidetzeko. “Enpresaren proposamenean soldata igoera soilik aurreikusten dute, gainontzeko garrantzizko gai guztiak alde batetara utziz. Eta igoera hau ere, udalak proposatzen duena baino kopuru txikiagoan”, zehaztu dute sindikatuek: “Onartezina da zerbitzu hori emateko azpikontratatua dagoen enpresak, Matia-Goxarak, diru publikoarekin, zaintzaren kontura negozioa egin nahi izatea, langileon lan baldintzak prekarietate- egoeran iraunaraziz”.
Hortaz, langileen eskaera da udalarekin adostutako hobekuntzak haiengan izatea eragina: “Ez dugu onartuko, gu prekarietate egoera batean mantentzeko nahia, ezta gure lanaren kontura, zerbitzua kudeatzen duen Matia-Goxarak, dituen onurak handitzea. Egiten dugun lana, ezinbestekoa da Pasaiako herritarrentzako, eta dagozkigun lan baldintza duinak eta hitzarmena aldarrikatzen ditugu”.
Egoera bideratzeko negoziazioak, langileen eta enpresaren artekoa, blokeo egoeran daudela adierazi dute ELAk eta LABk. Elkarrizketetan aurrera egin ezean, mobilizazio gehiago iragarri dituzte emakume lagungileek.
