400 pertsonatik gora hartu dute parte Bide Berria proposamena lantzeko saioetan
Herritarren iritziak entzunda, Bide Berria proposamena babestu duten alderdietako ordezkariek hasierako proposamenean zenbait egokitzapen txertatzea egoki baloratu dutela jakinarazi dute udaletik.
Bide berria lan saioetako bat .Herri Bizia Ekainean aurkeztu zuen Errenteriako Udalak topoa hirian integratzeko Bide Berria proposamen integrala, EH Bildu, Elkarrekin Podemos, EAJ eta PPren babesarekin. Ordutik proposamena herritarrekin partekatu eta euren iritzia jasotzeko bilera irekiak egin dituzte alkateak eta proiektua babesten duten lau alderdietako ordezkariek herriko puntu ezberdinetan. Horrela, 8 bilera ireki egin dira denera, azkena pasa den asteazkenean, eta guztira 400 pertsona baino gehiagok parte hartu dute entzuketa prozesu horretan. Saio horiek bukatuta, udal ordezkariek eskerrak eman dizkiete bileretara hurbildu diren herritarrei, “euren iritzi eta ekarpenak funtsezkoak izan baitira proposamena are gehiago osatu eta zehazteko”.
Herritarren iritziak entzunda, Bide Berria proposamena babestu duten alderdietako ordezkariek hasierako proposamenean zenbait egokitzapen txertatzea egoki baloratu dutela jakinarazi dute udaletik. Zehazki, Fanderia eta Erdigunerako egindako proposamenetan egingo dituzte egokitzapen horiek. Izan ere, Bide Berria proposamenak harrera oso ona izan du bai Galtzaraborda-Alaberga ingururako proposatzen den soluzioan, baita Gaztaño-Erdiguneko geltokiaren ingururako egiten den proposamenari dagokionez ere: “Proposamenaren bi atal hauek oso ongi baloratu dituzte herritarrek, nahiz eta hauek hobetzeko proposamenak ere jaso diren”.
Hasierako proposamenak Fanderia eremuan esku hartzea aurreikusten zuen, zehazki pantaila bidez zaratak murriztea. Hala ere, herritarrekin egindako bileretan, Fanderia aldera bezala, Markola eta Agustinak aldeko eremuan ere zaratak gutxitzeko neurriak hartzeko eskatu dute. Bereziki, Gaztañotik datorren tunelaren bukaeran dagoen bihurgunearen inguruan. Eskaera hori bere egin dute udal ordezkariek eta hasierako proposamenean jasota ez bazegoen ere, Eusko Trenbide Sarea-ETSrekin garatuko diren elkarrizketetan eremu hori ere lantzeko konpromisoa hartu dute.
Erdigunerako, berriz, Bide Berria proposamenak, hiru azpi proposamen jasotzen zituen. Alde batetik, Andoni Korta eta Urbasa kaleen artean trenbidearen azpialdean dagoen harri eta hormigoizko harresi guztia kentzea, espazioa irabaziz eta bi kaleen arteko loturak nabarmen hobetuz. Bigarren proposamenak, berriz, bi geltokien arteko eremu horretan trenbidea enkapsulatzea jasotzen zuen, honek eragiten dituen zaratak murrizteko helburuarekin. Hirugarren eta azken proposamenak, enkapsulatzeko eraiki beharreko egitura baliatuta bi geltokien eremuak lotuko zituen bidegorria eraikitzea jasotzen zuen. Bada, Erdiguneko herritarrekin hiru saio egin ondoren, lehenengo azpi proposamena egokitzat jo bada ere, trenbidea enkapsulatzeko eta gainean bidegorria eraikitzeko proposamenak inguruan bizi diren bizilagunen aldetik nahikoa babesa ez dutela eta, udal ordezkariek bi esku-hartze horiek Bide Berria proposamenetik kanpo uzteko erabakia jakinarazi diete asteazkenean bilerara hurbildu ziren bizilagunei.
Edozein kasutan, trenbidearen frekuentziak bikoizteak erdigunean trenak eragiten dituen zaratak eta bibrazioak ere bikoiztea ekarriko du eta kezkatuta agertu dira udal-ordezkariak; horren aurrean neurriak hartu beharra nabarmendu dute. Horregatik, ETS, udala eta bizilagunen arteko mahai bat bultzatzeko konpromisoa adierazi du tokiko erakundeak, eremu horretarako soluzioak elkarrekin lantzeko.
Adostasun zabala
Herritarren iritzi eta ekarpenak entzun eta Bide Berria proiektuan moldaketak eginda, proposamena babesten duten alderdien ustez, adostasun zabala islatzen du Bide Berria proiektuak, “teknikoki eta ekonomikoki egingarria da, eta trenbidearen ingurua birgaitzeko esku hartze integrala jasotzen du”.
Ekainean sinatu zuten Udalak eta Eusko Trenbide Sareak topoa hirian integratzeko soluzioak elkarrekin landu eta adosteko protokoloa. Protokolo hori edukiz betetzeko helburuarekin osatu duela Bide Berria proposamena nabarmen jarri du udalak: “Orain alde bakoitzaren proposamenak mahai gainean jarri eta soluzioak, epeak eta aurrekontuak negoziatu eta adosteko unea da, trenbidearen kudeaketa eta bertan egin beharreko esku hartzeak ETSren ardura eta eskumena baitira”.
Udalak espero du mahai irailaren hasieran martxan jartzea.
