Hiru egun baino ez dira falta festaren eztandarako
Aitzakiarik ez da. Jaiak luzetik bizitzeko gonbidapena mahai gainean da bihartik hasi eta hurrengo ostiralera arte, aniztasuna eta begirunea erdi-erdian jarrita.
Iazko txupinazoaren irudi batLiher Saiz Zarate Atzerako kontu betean dira errenteriarrak. Izan ere, hiru egun baino ez dira falta aurtengo omendua den Arantxa Otegi baserritarrak jaiei hasiera emango dien txupina piztu dezan. Azken urteetako bideari jarraituta, hiru txupinazo izango dira aukeran: txikienei begirako Mila Koloretako Txupinazo Txikia Koldo Mitxelena plazan, 18:00etan; gazteei begirako holi festa Gernika plazan, 19:00etan; eta txupinazo nagusia, jaien hasiera iragartzeko, Herriko Plazan 19:00etan ere bai. Urtero errepikatzen den arren, aurten ere berezia izango da suziriak eztanda egin eta plazan bildutako jendetza saltoka eta kantuan hasteko unea, EMKE Musika Bandaren Zentenarioa-ren erritmora.
Horietara gerturatzerik ezin dutenentzat, edota txupinazoa bizi bai, baina lasaitasunetik egin nahi dutenentzat, pantaila erraldoia jarriko dute Zumardian, eta Herri Biziaren webgunearen bidez ere jarraitzea izango da zuzenean herribizia.errenteria.eus-en.
Aurretik bost egun, eta 130 ekintzatik gora: erakusketak, antzerkiak, kirol jarduerak, danborradak, dantza, lehiaketak, eta 70 musika emanaldi. Jai batzordeak mimoz, ardura ikaragarriz, eta herritar denei erantzuteko landutako egitarau askotariko eta aberatsa. Tartean, astelehenean bertan eta jaietarako prestatzeko jai batzordeak antolatu duen herri bazkaria izango da Herriko Plazan bertan, baita tardeoa ere ondoren, DJ Ikerren eskutik.
Jai eredugarriak bermatu
Jai batzordea osatzen duten 33 eragileek zein udal ordezkariek deia egin diete herritarrei «herritik herriarentzat» jositako jaiak goza ditzaten. Aizpea Otaegi alkateak jaiak aniztasunean, berdintasunean eta inguruan gertatzen denari begira gozatzeko deia egin du aurten ere, «arduratsu jokatuz eta guztion artean jai eredugarriak izan daitezela bermatuz». Astelehena da festen lehen eguna, baina asteburuan, madalenen aurretik egitarau zabala ondu dute herriko hainbat eragilek.
Bihar (larunbata) bertan, egun osoz Ereintza Dantza Taldeak antolatuta Erromeria Eguna izango da. Hogeita bosgarren ekitaldia izango du, eta berezia izatea nahi dute antolatzaileek. Horren harira, aurten ohi baino gehiago luzatuko da euskal dantza festa, Gazte Egunarekin bat egingo duenez, elkarlanean aritu direlako Ereintza eta gazte asanblada. Hori horrela, 10:30ean hasiko da eta gauera arte luzatu. 20:30ean Gabezin erromeria izango da Agirre Lehendakariaren plazan. Tartean, plaza dantzak nonahi eta noiznahi.
Goizean hasita baserritarren azokak udako azoka berezia antolatu du, bestalde, 09:00etatik eguerdira arte, eta txosna guneetan berriz, hainbat musika emanaldi izango dira, baita Landarbaso abesbatzaren madalenetako kontzertua ere Madalenaren ermitan 20:30ean hasita.
Jaien aurreko beste hitzordu berezia Madalen Jaien Atariko Txistulari Kontzertua da. Etzi (igandea) izango da, 20:00etan Zumardian. Aurtengo gonbidatuak Alaitz eta Maider izango dira.
Aitzakiarik ez da. Jaiak luzetik bizitzeko gonbidapena mahai gainean da bihartik hasi eta hurrengo ostiralera arte, aniztasuna eta begirunea erdi-erdian jarrita.
