«Lurra aberatsa da; landu egin behar da emango badu»
Madalenak hasiko dituen suziria piztuko du Larreaundi baserriko Arantxa Otegik. Baserria eta baserritarrak goratuko dituela agindu du, aitortzarekin hunkituta. Baserritar gehiago izango ditu ondoan.
Arantxa Otegi baserritarra, Jon Ezeiza semearekin. Hark hartu du amaren lekukoa baserritarren azokan. Arantxa Otegi, Larreaundi baserriko baserritarra izango da aurtengo madalenetako omendua. Izendapenarekin, herriko baserritarren lan isila aintzatetsi nahi dute, eta bereziki, emakume baserritarren ekarpen itzela. «Urduri eta pozik» dago Otegi izendapenarekin eta baserria, lurra eta bertatik sortutako produktuen aldeko defentsa irmoa egin du, erreleboa zaila dirudien testuinguruan.
Madalenetako omendua izango zara. Nola hartu duzu herritarren erabakia?
Sorpresa handiarekin, ez nuen espero halakorik. Baserritarrak inoiz ez gara halakoetan aitortuak izan, eta arraroa eta dena egin zitzaidan. Urduritasuna ere sentitzen dut; nola moldatuko naiz ni hor hitz egiteko, nire adinarekin? Ez nago eskolatua, 12 urterekin hasi nintzen bakarrik plazara etortzen baserrikoak saltzera, ama haurdun geldituta. Hamalau lagun ginen mahaiaren bueltan. Pentsatu zer premia zegoen. Hamaika senide ginen, ni bigarrena, nire atzetik bederatzi. Izeba, amona eta lehengusu bat ere baserrian ziren.
Hamabi urterekin hasi zinen azokan saltzen bakarrik, eta bukatu?
79 urte egingo ditut irailaren 9an. Joan den urtean gelditu nintzen plazatik, ez naiz postura jaisten saltzera, semeak —Jon Ezeiza— martxa hartu duelako; beraz, 65 urtez aritu naiz.
Eta ibilbide honetan zailena?
Baserrian jaioa naiz, 12 urterekin plazara jaisten hasi nintzen bakarrik, Foru Plazan zen orduan azoka. Gerora Pablo Iglesias kalera aldatu zuten, eta han 30 baserritarretik gora aritzen ginen salmentan beheko pisuan. Handik Niessen merkatalguneko kanpoaldera lekualdatu gintuzten, eta asko jaitsi zen baserritarren kopurua, leku gutxi genuelako, eta orain bizpahiru baino ez dira ari egungo baserritarren espazioan. Bukatzera doa baserria, eta ez du bukatu behar, lurrak emandakoa jan behar dugu. Lana ez da txarra, ordu gehiago ematen dituzu, baina gainerakoan ez da lantegi txarra; burdin fabriketan edo soldatzen irensten duten zikinkeria pila ez dago baserrian. Ez da enpresetako kate lana zortzi ordu jarraian, baserrian tartekatzen zoaz lan ezberdinak. Gustura egin dut baserriko lana, maitasuna diot.
Negutegiekin-eta hasi ginenean diru pila bota behar izan genuen, baina merezi izan zuen. Hasieran ezin lorik hartu ere ibiltzen ginen haizea ateratzen zuenean, aberiak egiten zituelako. Diru inbertsio handia egin behar zen hasieran, agian hori zailena. Lehenengo bi tunelak jarri genituenean, garaiko 300.000 pezeta ziren. Gaur egungo arazo handiena, klima aldaketarekin-eta, zomorroak dira. Horrekin erreta gaude, baratzeetan, mahastietan, denean bihurtu da arazo.
Postuan makina gauza saldua zara.
Egunean 600 letxuga mozten ibilia naiz, eta denak saldu. Negutegia jarri genuenean ematen zuen guztia ez nuen plazan saltzea, eta Donostiako Bretxara, eta Errenteriako auzoetako dendetara eramaten nituen. Hasi Pontikatik, igo Beraunera, segi Galtzarabordara, handik Alabergara, eta azkenik Iztietara. Horiek guztiak eginda, Errenteriako postura etortzen nintzen.
Gauerdian oheratu, eta goizero lautan jaikitzen nintzen, dutxatu bolantean ez lokartzeko, kamioia bete barazki eramaten nuen, eta hutsik eraman etxera. Pozik jartzen zen senarra —Joxe Mari Ezeiza—, abeltzain bikaina izan zen. Oso pozik bizitu naiz, inoiz ez zait penatu baserrian bizi izana.
Jende askok zoriondu zaitu?
Kalera ezin naiz etorri, batek gelditu, besteak gelditu. Urte hauetan guztietan jende mordoa etorri zait postura erostera, makina bat jende ezagutzen dut, atera kontuak.
Nola irudikatzen duzu 21ean txupina pizteko unea?
Pozez, horretaraino iritsi naizelako. Nik baserria goratuko dut, niretzako ona izan da beti, lurra asko maite dut eta lurrak emandakoa jan behar dugu; jende pila mantendu dut lurrak emandakoarekin. «Gora baserritarrak, eta gora baserriak» esango dut, ez izateko beldurrik, lana egin behar dela lurrak emango badu. Lurra aberatsa da, baina lan egin behar da.
