Rock and rolla madalenetara itzuliko da
Hilaren 24an, Tabu Demons Musika Elkarteak antolatzen duen Madalenrock jaialdiaren hirugarren ekitaldia jasoko du Xabier Olaskoaga plazak, 21:00etatik aurrera eta doan.
Tabu Demons Musika Elkartea duela hiru urte sortutako irabazi asmorik gabeko elkartea da. Urtean zehar hainbat kontzertu egiten dituzte, eta Madalenrock da elkartearen ekitaldi nagusia. Tabu sei kidek osatutako musika elkartea da, eta horietako hiru dira Javi Buta, Alex Infante eta Josean Arranz.
Aurtengoa hirugarren Madalenrock jaialdia izango da. Antolatzaileen helburua izan da 1980ko eta 90eko hamarkadetan herriak izan zuen rock and roll esentzia berreskuratzea, musika mota horren inguruan hutsune nabarmen bat baitzegoen: «Madalenrock jaiek zuten hutsune bat betetzeko sortu da. Azkenaldian musika estiloak eta festen formatua asko aldatu dira, eta gure adineko jendeak ikusten zuen musika mota hori falta zela madalenetan».
Aurtengo Madalenrock hilaren 24an izango da, Xabier Olaskoaga plazan, 21:00etatik aurrera eta doan. Orotara, hiru talde igoko dira Niessengo oholtzara: Tim Ripper Owens talde amerikarra, Urtz pasaitarra eta Krait oreretarra. Sustatzaileen helburua da nazioarteko edo estatu mailako talde esanguratsu bat ekartzea, euskarazko talde bati txoko bat eskaintzea eta herriko talde bat taularatzea.
Aurtengo kartel burua AEBetatik etorritako Tim Ripper Qwens da. «Oso ezaguna da metal munduan», esan dute. Euskaraz aritzen den taldea Urtz da. Trintxerpetarrak duela hilabete batzuk itzuli ziren oholtzetara. Aurten 30 urte bete dira taldearen lehen bi diskoen sorreraz, eta abesti horiek entzun ahal izango dira madalenetan. «Oso kontzertu berezia izango da», aurreratu dute. Azkenik, etxeko taldea Krait da. Oreretarrek beren disko berria aurkeztuko dute Madalenrocken. «Gure helburuetako bat da herriko taldeak sustatzea», adierazi dute antolatzaileek.
Hilaren 24koa jaialdiaren hirugarrena izango da. Lehen bi Madalenrocken balorazioa «ona» dela baietsi dute sustatzaileek. Lehen ekitaldia «xumea» izan zela aitortu dute, eta ordutik «koska bat gora» egin eta «hazten» ari dira. Iaz Alemaniako talde bat ekarri zuten Errenteria-Oreretara, eta aurten AEBetatik iritsiko da Tim Ripper Owens. Horrez gain, osatu duen ibilbide laburrean, Madalenrockek publikoaren onespena izan duen festibal bat dela goratu dute sustatzaileek, eta «gogotsu» daude jada aurtengoaz gozatzeko.
Zerura begira
Antolatzaileak, halabeharrez, zerura eta eguraldi iragarpenetara begira daudela aitortu dute. Lehen bi ekitaldietan euria egin zuen, eta iaz jaialdia bertan behera uztear izan ziren, sekulako euri zaparrada bota baitzuen. Aurten esperantza dute ateri egiteko, eta jaialdia behar den bezala disfrutatzeko. Sustatzaileen aurreikuspena da Xabier Olaskoaga plaza bete eta txiki uztea: «Kartelak merezi du, eta luxu bat da nazioarteko talde bat gurekin izatea».
Aurreko ekitaldietan egin bezala, antolatzaileek elikagaiak jasotzeko postu bat jarriko dute plazan. Tabu elkartea martxan jarri zutenean, kideek argi zuten ez zutela bertatik aberastu nahi, eta gizarteari zerbait eman nahi ziotela, ahal zuten moduan lagunduz. Lehen bi ekitaldietan Donostiako jantoki sozialetara bideratu zituzten jasotako elikagaiak, eta, aurten, Aita Mari elkarteari igorriko diote bildutakoa.
Urtetik urtera berritasunak sartzen ahalegintzen direla aitortu dute sustatzaileek. Jaialdia iragartzeko karteletan, herriko txoko esanguratsu bat txertatzen dute. Aurten, esaterako, Mikelazulo ageri da kartelean; iaz, aldiz, elizako dorrea irudikatu zuten. Xanti eta Maialen erraldoiak madalenen bi ikono bilakatu dira, eta haiek ere presentzia dute kartelean. Heavy metal talde esanguratsuei errekonozimendu bat egiteko asmoarekin, Xanti Iron Maiden bezala irudikatu dute, eta Maialen Helloween taldea bilakatu da. Horrez gain, herriko musikaren alde lanean aritu diren pertsonen ibilbideak errekonozitu nahi dituzte, eta aurten hasiko dira omenalditxo horiek egiten.
