Udan ere bereziak dira baserritarren produktuak
Errenteriako baserritarren udako azoka berezia egin dute goizean Jose Erbiti kalean. Girorik eta eroslerik ez da falta izan.
Festa usaina gaur Errenteria-Oreretan. Madalenen atarikoak, Erromeria Eguna, Hibaikako gizonek bandera irabazi dute Orion… Horri guztiari, herriko baserritarren produktu freskoen usaina gehitu zaio. Izan ere herriko baserritarren udako azoka berezia egin dute Jose Erbiti kalean duten eremuan Behemendi Landa Garapenerako Elkartearen eta Errenteriako Udalaren bultzadarekin. Garaiko produktuak jarri dituzte jendaurrean.
Larremotx baserriko ardi gazta ekologikoa; Larreaundi baserriko barazkiak; Arraztalo Elkarteko barazki ekologikoak; Lurraren Orena ustiategiko barazki ekologikoak; Arretxegar ustiategiko tomate eta barazkiak, eta Aparola baserriko barazkiak izan dituzte aukeran bisitariek euren erosketak egiteko. Gainera, herriko talogileek postua jarri dute hamaiketakoa egin nahi zutenentzat oinarrian tomatea zuten mokadutxoak egin eta banatzeko, eta Nagore Fernandez abeslariak girotu du goiza.
09:00etan zabaldu dituzte postuak. Ordurako bazen jendea erosketak egiteko irrikaz. Lehen kolpearen ondoren salmentak apaldu badira ere, eguerdi aldera berriz ere girotu da baserritarren eremua, eta azalpen, irribarre eta hurbiltasun keinu artean joan da goiza.
Jarraian, azokaren hainbat irudi eta bideoa.
