Irabazteari gustua hartu dio Hibaikak
Sasoiko hirugarren bandera irabazi du gaur goizean Hibaikaren gizonen traineruak Orion. Herrian den festa giroa areagotu du arraunlarien garaipenak.
KAE2 Ligako sasoiko hirugarren bandera irabazi du Hibaika Arraun Elkartearen gizonen traineruak gaur goizean, Orioko Kanpina VII. Bandera bere egin du Kantauri itsasoko estropada eremurik entzutetsuenetako batean, Orion. Horrela, sasoiko hirugarren trapua bere egin dute: lehena ekainaren 21ean iritsi zen herrira, Astillerotik; bigarrena gaur justu duela astebete, Laredotik. Kantabriako biei, beraz, horien herrian irabazitakoa gehitu behar zaie, eta nola gainera: etxeko trainerua, Orio B, atzean utzi dute Madalen ontziari tiraka eta tiraka izan direnek. Hamabost segundo atzetik utzi dituzte etxekoak.
Lehen ziabogan, ordea, Oriok markatu du denborarik onena, Hibaikari segundo bakarra atera dio. Bigarren luzean gauzak bere tokian jarri dituzte errenteriarrek, eta bigarren ziabogan jada aldeko 7 segundo zituzten beltzek; hirugarren biran 9 segundora areagotu dute abantaila, eta azken luzean garaipena ia-ia eskuan zutela ikusi, eta harrotasun puntua atera dute Hibaikakoek helmugako distantzia hamabost segundora eraman baitute: Hibaikak 20.45, Oriok 21.00. Estropadan hirugarren Portugalete izan da, oso urrun (21.24).
Gaurkoa KAE2ko zazpigarren estropada izan da. Bihar izango da zortzigarrena Portugaleten (12:00). Sailkapen nagusian Orio dute aurretik, hiru puntugatik (38 puntu Orio Bk, 35 Hibaikak). Ea distantzia hori higatzen hasten diren beltzak, KAE2ko txapeldun izateko bidean tinko jarraitzeko. Bihar ere lehia dutela ikusirik, gaurkoan ez diete harrerarik egingo herrian arraunlariei. Bihar jasoko dute errenteriarren babesa.
