Euskararen kontrako epaien aurrean, plaza bete ahots Oiartzunen
Espainiako Auzitegi Gorenak euskararen kontrako epaia eman du aste honetan. UEMAren deialdiarekin bat egin dute oiartzuar askok.
Euskararen alde egiteko, eta Espainiako Auzitegi Gorenaren azken erabakia errefusatzeko bete egin da gaur eguerdian Done Eztebe plaza. Ardura, kezka eta amorru aurpegiak udaletxearen parean. Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) elkarretaratzera deitu ditu herritarrak gaurko, euskara bigarren maiakoa izatea ahalbidetu dezakeen sententzia horri aurre egiteko. Plaza bete dute, ahots isilekin.
VOX alderdi espainiarraren eskariz, Euskal Autonomia Erkidegoko udal legearen dekretutik baliogabetutako artikulu gehienak atzera bota ditu Espainiako Auzitegi Gorenak, eta, euskara lehenetsiz gero, hizkuntzen koofizialtasuna urratzen dela ebatzi dute sententzian. Horren aurrean, “euskararen aurkako azken epaia salatzeko eta gure hizkuntzak justizia behar duela aldarrikatzeko” UEMAk gaurko deitutako elkarretaratzeekin bat egin dute Oiartzungo Udalak zein euskalgintzako eragileek.
Joana Mendiburu alkateak (EH Bildu) eta Janire Mitxelena EAJ taldeko bozeramaileak gaurkorako deialdia egiterakoan adierazi zuten epai hori “oso larria” dela. “Euskal gizartearen eta euskal erakundeen erabaki demokratikoaren aurkakoa ez ezik, azken hamarkadetako hizkuntza politiken aurkakoa ere bada, eta euskara beraren ofizialtasuna ere zalantzan jartzen du”. Era berean, nabarmendu zuten epaiak Oiartzun bezalako udalerri euskaldunei eta euskaraz aritzen diren udalei eragiten diela. “Ez diogu uko egingo euskaraz bizitzeari”, esan zuten biek.

