Auzokideak batu, auzoa eraikitzeko
Gi-636 errepideko ezbeharrek eta segurtasun nahian elkartu zituen, eta batzetik abiatuta auzoaren ikuspegi orokorretik lanean ari dira Gaintxurizketako bizilagunak.
Asensio Viaña, Onintza Esnal, Gorka Ugarte eta Joseba Ulazia, Antxillastegin. Bizirik dago Gaintxurizketa. Auzotarrak biltzen, saretzen ari dira. Gi-636 errepidean gertatutako ezbeharrek, eta horiei irtenbidea emateko mugimenduak bultzatuta hasi ziren era eraginkorrean batzen iazko ekaina aldetik. Hor ikusi zuten elkartzeak indartzea dakarrela, eta errepidearen problematikatik gaindi auzoak dituen bestelako behar eta nahiei buruz hitz egiten hasi ziren. Gaintxurizketako Auzo Elkartea sortu zuten dena bideratzeko. Inpaktu mediatiko eta politikoa izan du auzotarren Gi-636ko pasabidea nahiz inguruko irisgarritasun obrak eskatzeko mugimenduak; alta, beste gauza asko ere egiten ari dira. Tartean, auzo elkartearen egoitza soziala auzolanean sortzen ari dira, festak berreskuratu dituzte, eta landa eremuko auzokide baserritarren beharren gaineko gogoeta ere zabalik dute.
«Auzoak behar handiak zituela ikusi genuen. Horien artean, biltzeko, antolatzeko edo egoteko toki bat. Auzolanean ari gara egiten egoitza», azaldu dute auzotarrek. Antxillastegin egiten ari dira gune hori. Garai batean baserritarren pentsu biltegi izan zen lokala, eta gerora zuhaitzen haztegi. Duela 60 urte eraiki zuten. Auzolaneko lau-bost saio egin dituzte aretoa eta ingurua berreskuratzeko, eta jada lokalaren ingurua eta ondoko aparkalekua garbi-garbi utzi dituzte. «50 bat lagun elkartu gara auzolanetan. Lanerako sekulako giroa egon da. Gainera, bertara bildu ziren batzuk ez zuten elkar ezagutzen. Auzolanak ezagutza hori bermatzeko aukera ere izan dira». Kanpoaldea txukunduta, garai batean biltegi izan zen hura egokitzea dagokie orain. Esperantza dute 2026rako prest izango dutela egoitza soziala, elkarte izaerakoa. Auzotarrek Lezoko Udalaren partetik izaten ari diren laguntza eta babesa eskertu dute.
Kaskoa badu ere, auzo sakabanatua da Gaintxurizketa. Elkar ikusteko, egoteko zailtasunak izaten zituzten biztanleek. Hala, hasiera batez boskote bat hasi zen gelditzen auzoaz hitz egiteko. Hartu zuten lehenetariko neurrietako bat izan zen auzokideen arteko komunikaziorako kanalak sortzea, eta sare sozialetako talde bat sortu zuten: 150 kide daude bertan egun. 150 familia. «Barreiatuta bizi gara auzoan. Beraz, oraingo honetan sare sozialak baliagarri izan zaizkigu komunikaziorako. Bertan edozein deialdi jarri, eta erantzuna aparta izaten da»; teknologia berriak, beraz, gaintxurizketarren aldeko izaten ari dira.
Antxillastegirako mila ideia dituzte. Gaztagintza edo sagardogintza ikastaroak ematea, erlauntzen zainketarako tailerrak, sukaldea eta mahaiak jartzea bazkari eta afaritarako, bileretarako gunea izatea… «Garai batean gure auzokideek egin zutena berreskuratu eta beste era batera jarraipena eman nahi diogu egoitzaren bitartez». Onintza Esnalekin, Iñigo Ugarterekin, Asensio Viañarekin eta Joseba Ulaziarekin izan da Hitza auzoaz eta auzo elkarteaz hitz egiteko. Ilusioa eta gogoa gainezka dituzte.
Asko dira
«Ez gara lau katu». Hala aldarrikatu dute auzokideek. Jakina da Gaintxurizketaren Lezoko parteko etxebizitzak eta baserritarrak sakabanatuta daudela, baina azken hilabeteetan abiatu dituzten askotariko dinamiken bitartez ikusi dute uste baino auzokide gehiago direla, eta gainera, auzoaren alde lan egiteko prest daudela. Batzeak indartu ditu. Ikusi dute merezi duela elkartzea komunean dituztenei aurre egiteko. Horri begira, festa giroa ere bermatua dute: abuztuaren 15 eta 16an San Roke festak egingo dituzte.

San Roke festen erdigune izango da Antxillastegi eremua
Iaz berreskuratu zituzten Gaintxurizketako auzokideek San Roke festak. Arrakastaz joan ziren (iazkoa da goialdeko irudia), auzokide asko bildu ziren antolatu ziren ekitaldietara. Aurten, abuztuaren 15 eta 16an (ostirala eta larunbata) izango dira auzoko festak Antxillastegi gunean (Sagasti bailara, 16).
Abuztuaren 15eko 19:00etan izango da txupinazoa. Ondoren haurren toka txapelketa, eta 20:30ean afari autogestionatua. 22:00etan, Lezoko klasiko bat: truk txapelketa (izen emateak 21:45etik 12 euroan bikoteko); sari ederrak izango dituzte irabazleek.
Abuztuaren 16an (larunbata) San Roke Eguna da. Goizetik prestatu dituzte ekitaldiak: 10:30ean toka txapelketa; 11:30ean, herri kirolak aizkolari eta harri jasotzaileekin; 12:30ean, iaz arrakasta berezia izan zuen auzotarren arteko herri kirol desafioa, eta 14:00etan auzo bazkaria nahiz bingo musikatua. Bazkari horretara joateko tiketak salgai jarriko dituzte abuztuaren 11ra arte, herriguneko Arruti janari denda eta harategian, Iriarte Enean, eta Sagarzulo erretegian.
Larunbat arratsalderako, ekitaldi gehiago: 18:00etatik, haur-familia jolasak, txokolatada eta buruhandiak; 20:00etan, saldutako errifen zozketa handia eta afaria; 21:30etik dantzaldia, zezensuzkoa, eta gauari eusteko DJ batek saioa eskainiko du. Zukua aterako diote Antxillastegiri.
