Txirrindularitzak irekiko ditu xanistebanak
Igande honetan Xanisteban Txirrindulari Saria jokatuko da. Abuztuaren 2an Donostiako Klasikoa izango denez, proba Iturriozko jaietara aurreratu dute.
2023ko ekitaldian Haimar Etxeberria irundarra izan zen azkarrena Done Eztebe plazako helmugan. Olaia Gerendiain Igandean (hilaren 27an) xanistebanetan tipikoa bihurtu den txirrindularitza proba lehiatuko da Oiartzungo errepideetan zehar, 10:00etatik aurrera. Xanisteban Txirrindulari Saria Txomin Perurenaren Oroimenezkoa izenpean, udako egutegian mitiko bilakatu den probaren 77. ekitaldia izango da etzikoa.
2023ko ekitaldian antolakuntzan aldaketa nabarmen bat eman zen, Lartaun Zikloturista Elkarteak lekukoa eman baitzion Oarsoaldeko Txirrindularitza Eskolari (OTXE) proba antolatzeko. Orain artean osatutako bidearen balorazioa “oso-oso positiboa” izan dela aitortu du Mikel Astarloza OTXEko kideak, Lartaungo kideen laguntza izan baitute, haiek hasitako bideari jarraipena emanez: “Lartaungoek lagundu egiten digute lasterketa aurrera ateratzen. Haiek nola lan egiten zuten azaldu digute, txosten guztiak ekarri dizkigute eta gure lana haiek egindako lanketa luze horren jarraipena izan da”.
Aurtengo lasterketak bi berritasun nabarmen izango ditu. Lehena data aldaketa izan da, Xanisteban Festetan lehiatu beharrean, jaien aurreko asteburuan jokatuko baita. Abuztuaren 2an gizonen Donostiako Klasikoa izango da, eta, ohi bezala, Oiartzundik pasako da profesionalen goi mailako txirrindularitza proba hori. Klasikoa dela eta, Jaurlaritzako Trafiko sailburua OTXEko kideekin harremanetan jarri zen, Xanisteban Txirrindularitza Saria egunez aldatzeko.
Bestalde, irteera eta helmuga Done Eztebe plazan kokatu beharrean, Iturriotzera lekualdatu dituztela jakinarazi du Astarlozak. Iturriotz auzoan festak dira asteburu honetan, eta lasterketa Iturriozko jaietako egitarauan txertatu dutela adierazi du OTXEko kideak.
Ibilbidea, gogorra
Ibilbidean aldaketarik sartu ez dutela nabarmendu du Astarlozak. Txirrindulariek 113,7 kilometroko ibilbidea egin beharko dute, eta, ohi bezala, lasterketa gogorra izango da, aldapa askorekin. Orotara, zortzi itzuliz osatutako zirkuitu bat ondu dute antolatzaileek. Lehen lau itzuliak zailtasun gabekoak izango direla aurreratu du Astarlozak, eta herrian barrena arituko da tropela. “Helburua da aurreneko lau itzuli errazetan tropela ez gehiegi txikitzea”. Azken lau itzuliak, aldiz, gogorragoak izango dira, Arpideko bidetik bideratuko baitute lasterketa. Aldapa hori sartzearen arrazoia da lasterketa “erabat txikitzea” eta txirrindularientzat “gogorra” izatea. Gain horretan, gainera, mendiko sariaren puntuak banatuko dituzte.
Iturriozko irteeran 20 talde inguru eta 150 txirrindulari baino gehiago izango dira. Oro har, Euskal Herrian lehiatzen diren taldeak izango dira Oiartzunen, eta, horietatik, Euskaltel Euskadi, Kern Pharma eta Caja Rural talde profesionalen bigarren taldeen parte hartzea nabarmendu du Astarlozak. Horiez gain, OTXEko taldea ere irteeran izango da, eta eskualdeko hamar txirrindulari espero dituztela aurreratu du probaren antolatzaileak.
Ibilbidearen gogortasuna kontuan hartuta, igotzaileentzat eta abiadura handia duten txirrindularientzat aproposa dela zehaztu du Astarlozak: “Txirrindulariek igotzen ondo moldatu behar dute, eta txispa eta abiadura handia izan behar dute, aldapak ez direlako oso luzeak. Ibilbideak etengabe gora eta behera egiten du, ezker-eskuin, eta irabazteko trebetasun handia ere izan behar da”.
Oiartzungoa Euskadiko Txirrindularitza Federazioak antolatzen duen Lehendakari Txapelketako lasterketa puntuagarria da. Txapelketa horren barruan hainbat proba sartu ditu federazioak, eta horietako bat da herrikoa. Xanistebanetako lasterketak sona du 23 urtez azpiko eta Elite Mailako txirrindularien artean, eta palmaresean izen handiak ageri dira, irabazle gehienek profesional izatea lortu baitute. “Profesionaletara jauzia emateko, esan daiteke lasterketa hau irabaztea derrigorrezkoa dela. Harro gaude horrelako proba polit bat aurrera ateratzeagatik”, esan du Astarlozak.
Babesle nagusi den Oiartzungo Udalari, laguntza ematen duten komertzioei eta lasterketaren egunean lanean arituko diren boluntarioei eskerrak eman dizkie OTXEko kideak.
