Baserria eta feminismoa, jaietako izar
Baserritar Egunaren barruan, Inaxio Uharte sagardo lehiaketa izan dute. Eguerdian, erretiratuen bazkaria eta bazkari feminista egin dira.
Oiartzuarrek ez dute aitzakiarik izan gaur etxean gelditzeko, denen gusturako jarduerak baitzeuden. Baserritar Eguna izanik, herriko baserrietako sagardoek hartu dute plaza. Izan ere, Ibargain elkarteak antolatutako 24. sagardo lehiaketa izan da gaurkoa.
Sagardoa esku batean, pintxoa bestean. Hala ibili dira oiartzuarrak 11:50etik aurrera, eguzkiarengandik freskatzeko balioko zielakoan. Alaia Martin eta Beñat Gaztelumendi igo dira plazako oholtzara, sagardo lehiaketa bertsoekin alaitzera. Haiek, ordea, txintxo ibili dira; eskuetan sagardorik ez zuten bakarretarikoak izan dira eta. Dozenaka lagun egon dira bertsoak entzuten, itzalpea edo sagardo postuen artean ezin aukeratu.
Baserri bakoitzeko sagardoa dastatu ahala, hoberena zein den bozkatzera gerturatu dira. Bozka guztiak kontatu eta irabazlea iragarri dute: Iturriozko Misiyu baserriko sagardoa. Haren atzetik igo dira Karrikako Gartxineko eta Altzibarko Aranburuko baserritarrak; bigarren eta hirugarren sariaren bila, hurrenez hurren.
Sagardoak gosea piztuta, bazkalordua iritsi zaie herritarrei. 14:00etarako Madalensoroko frontoira gerturatu dira erretiratuak, Gazte Izanak elkartearekin laguntzarekin, udalak erretiratuen bazkaria antolatu baitu.
Hortik minutu gutxira, 14:30ean, Zimitiyoko txosna betetzen hasi da, bazkari feminista antolatua baitzegoen. 110 lagun elkartu dira egitarau feminista zabal baten barruan antolatutako bazkarian. Honezkero 17:00etan hasiko duten bingo musikaturako prestatzen egongo dira. Bingoaren ondoren, “panteren jaitsiera ronroneatzailea” egingo dute Oiartzungo Panterekin, Zimitiyotik txosnagunera. Egitarau feministari itxiera emateko, Maruxak trabesti ikuskizuna izango dute txosnetan 19:00etan.
Ikuskizunarekin egitarau feminista bukatuko den arren, joan den ostiralean (hilak 1) egindako agerraldi feministan jai guztietarako protokolo feminista ondu dutela oroitarazi zuten. Edozein arazo jasanez gero, Fermiñeneko arreta gunera edo txosna feministara jotzeko eskatu zuten Oiartzungo feministek. Horrez gain, jaiak bukatu arte kalkomania feministak eta banderola moreak ere eskuragarri izango dituzte txosnan.
