'Kilometro Lezo', hilaren 25etik irailaren 21era
Sei ikuskizun antolatu dituzte seigarren ediziorako. 'Open Kale' jaialdien sarearen parte izango da.
Jon Legorburu Lezoko Udaleko Kultura zinegotziak eta Ainhoa Salaberria Kultur teknikariak jakinarazi dutenez, hilaren 22tik irailaren 21era arte izango da aurtengo Kilometro Lezo jaialdia.
Lau gunetan banaturiko sei ikuskizun prestatu dituzte seigarren edizio honetarako. Joan den urtean abiatu zuten jaialdi ibiltariaren lanketa, “auzo eta espazio gehiagotara zabaltzeko helburuarekin”. “Herriak ondo erantzun zuen, emanaldi guztietan jende asko izan zen”, beraz, aurten ere egitasmoa martxan jarriko dute. Lezo Herri Eskolako patioa, Gurutze Santuaren plaza, Lopene plaza eta Goiko plaza izango dira gune nagusiak.
Arte “diziplina ugari” izango da hilabete osoa zehar: antzerkia, dantza edota zirkua. “Maila handiko artista ikuskizunekin gozatuko dugu”, adierazi du Salaberriak. “Egitarau erakargarria eta oparoa izango da, euskaraz eta edozein adineko pertsonek gozatzekoa”.
Open Kale Euskadiko Arteen Jaialdien Sarearen barruan antolatu da Kilometro Lezo egitasmoa. Lezoko jaialdiarekin batera, beste hamalauk ere osatzen du sarea. Salaberriaren iritziz, herriko kultur egitarauarekin bat egiten du sareak: “Lezon kultura kalean izaten dugu, agerian, jendearengandik gertu. Kale arteen maila handia da Euskal Herrian eta Lezoko kaleetan ikusgai jarri nahi dugu”.
Horregatik, Legorburuk jaialdian parte hartzeko deia egin die herritarrei, “talde eta emanaldi berriak ezagutu eta kulturaz kalean gozatzeko aukera dela aldarrikatuz”.
'Kilometro Lezo'-ren egitaraua
Hilak 22
- Markeliñeren Artilusio antzezlana, 20:00etan Gurutze Santuaren plazan.
Hilak 23
- D’click taldearen Latas zirku ikuskizuna, 20:00etan Lezo Herri Eskolan.
Hilak 29
- ATX Teatro konpainiaren Marmarra ikuskizuna, 20:00etan Lopene plazan.
Hilak 30
- Orratx! antzerki taldearen Bidaia galduak antzerkia, 22:00etan Lezo Herri Eskolako patioan.
Hilak 31
- Komorebi Produkzioak taldearen Argilunak dantza ikuskizuna, 22:00etan Goiko plazan.
Irailak 21
- La Cerda konpainiaren El baile de la zurda dantza ikuskizuna, 20:30ean Goiko plazan.
