Gazte Eguneko bazkaria, bihurria
739 lagunek egin dute bat Biyurrieneak antolatutako egunarekin. Oiartzungo kaleak laranja kolorez bete dituzte gazteek.
Urte erdiz prestaketa lanak egiten ibili ondoren, azkenean heldu da Biyurrieneak “ilusio eta mimo handiz” antolatu duen Gazte Eguna. Eguerdian txupinazoa botatzearekin batera hasi dute festa gazte oiartzuarrek.
Gaurko egunerako guztientzako espazioak sortzeko lanean aritu dira buru belarri Biyurrieneako kideak, “auzolanean”. Hala adierazi dute txosnagunean bota duten pregoian, eta gaineratu dute ezinezkoa izango litzatekeela halako egun bat antolatzea atzean dagoen lantalderik gabe eta urte luzez haien aurretik ibili diren horiek gabe. Beraz, egindako lanagatik eskerrak eman dizkiete pertsona horiei guztiei.
Aldi berean, gazteentzako beste aisialdi eredu berri batekin amesten dutela esan dute Biyurrieneako kideek: “euskaratik eta euskaraz izango dena, eta feminismotik eragin eta genero, gorputz, kultura aniztasunarentzat espazio segurua izan dadin” lan egingo duena. Eredu hori errealitate bihurtzen jarraitzeko, “askatasunez maitatzeko eskaintzak egiten, zapalkuntza oro ikustarazten” jarraitzeko konpromisoa hartu dute elkartekideek, bertakoa dena eta jasangarria dena sustatuz.
Azkenik, kartzelan dirauten Joanes Larretxea eta Juan Mari Inziarte preso oiartzuarrak zein Palestinaren aldeko borrokan dabiltzanak ekarri dituzte gogora. “Festa aldarria ere badelako, festa borroka ere badelako, herriko kaleak aldarriz ere blaitzen gabiltzalako gaur”, esan dute. Gaurko egunez egiten den diru ekarpena bi eragile horiei bideratuko dietela gaineratu dute.
Pregoia entzun ondoren, elkarrekin, Doneztebe plazara joan dira bazkaltzera. Ia mila lagunek egin dute bat Biyurrieneak antolatutako egunarekin, 739 zehazki. Horiek paella goxo batez gozatzeko aukera izan dute.
Arratsaldean, Indarrok Elektrotxarangaren laguntzarekin poteoa egingo dute tabernaz taberna eta egunari ginga jartzeko, txosnagunean jolasak egingo dituzte.
