Pasaiako itsasoan zenbait jarduera
Oarsoaldeko Garapen Agentziak uda honetan Pasaiako itsasoan egiteko jarduera ugariren berri eman du: baleontzian nabigatu, piragua eta paddle surfa, urpekaritza, San Juan ontziaren bisita, eta abar.
Uda bete-betean, beroaldia heldu dela, ez dago itsasora gerturatzea baino plan hoberik. Hori dela eta, Oarsoaldeko Garapen Agentziak Pasaiako itsasoan egin daitezkeen hainbat jarduera aurkeztu ditu.
Lucretia egurrezko belaontzian nabigatzea da proposatutako lehen jarduera, Donostiatik Pasaiarako bidea eginez. “Euskal kostaldeko paisaiarik politenetakoak ikus daitezke”. Gainera, itsaso zabalera atera daiteke belaontzia, “Jaizkibel eta Uliako itsaslabarrak ikusteko”.
Kirolarienek ere badute zer egin, piragua eta paddle surfa egiteko aukera ematen baitu itsasoak. Gainera, “ez da esperientziarik behar badiako ur lasaietan piraguan nabigatzeko, familientzat ezin hobea da”. 90 minutu eta bi orduko ibilaldi gidatuak ere egiten dituzte.
Maila guztietarako urpekaritza irteerak ere egiten dira Pasaian. “Inguru hau ezin hobea da urperatze askotarikoak egiteko bere orografari esker, ontzi hondar eta aztarna arkeologikoekin, hala nola aingura eta kanoiekin”.
Mater ontzia ezagutzeko aukera ona izan daiteke uda, “irteerak antolatzen baititu Jaizkibelgo itsaslabarretara, antxoak kontserbatzeko tailerrak eman, zetazeoak begiztatu eta zaborrak arrantzatzera”. Horrez gain, ontzi museo ekoaktibora bisita gidatuak ere antolatzen dituzte, “itsasoaren histori eta honen zaintzaren garrantzia erakusten duen egurrezko atuonontzi tradizionalera”.
Itsasotik irten eta itsas bazterrera gerturatuz gero, San Juan ontziaren erreplika ezagutu daiteke, Albola Itsas Kultur Faktoriari esker. Gainera, irailaren 21era arte ontziaren barrualdera bisita gidatuak antolatu dituzte, lehen aldiz.
