Bigarren greba eguna dute etxez etxeko langileek
Udalak hitz emandako baliabide ekonomikoak enpresak ez ditzan bere etekinetara bideratu bigarren greba eguna izan dute gaur etxez etxeko langileek. Datozen asteetarako ere greba egunak deitu dituzte.
Etxez etxeko zerbitzuko langileen egoera “prekarioa” gainditzeko Pasaiako Udalak baliabide ekonomikoak hitz eman baldin baditu ere, Matia-Goxara azpikontratatutako enpresak baliabideak bere etekin ekonomikora bideratu nahi dituela salatu dute langileek. Enpresak “abstentismoa oso handia dela, eta ondorioz, nahi adina etekin ateratzen ez dituela argudiatzen du”.
Hori dela eta, LAB eta ELA sindikatuek uztailaren 29an lehen greba egin ondoren, bigarren greba eguna izan dute gaur etxez etxeko langileek. Guztira 43 lagunek osatzen dutela plantilla oroitarazi dute, eta zein lan baldintza kaskarretan lan egiten duten azaldu dute: “bakarka doaz lanera, erabiltzaileak artatzeko askotan pisu handia mugitzen dute laguntzarik gabe, eta erritmoak eta lan kargak handiak dira. Hori guztia jardun murriztuekin, enpresak ez dielako gutxieneko lanaldia bermatu nahi”. Argi dute bi sindikatuek: “Enpresak dioen abstentismoaren atzean dagoena prekarietatea da”. Gainera, langileren batek baja hartzerakoan “enpresak diela %100eko osagarria ordaintzen” salatu dute.
Etxez etxeko langileen zerbitzua “ezinbestekotzat” jo dute. Horregatik, “dagozkien lan baldintza duinak eta hitzarmena” eskatu dituzte gaurkoan ere, Matia-Goxarari “jarrera aldatzeko” eta udalari “egoera konpon dezala” galdeginez. Aldarria entzuna izan dadin, Pasaiako Udaleko osoko bilkuran izan dira langileak, eta “zerbitzua esku pribatuan beharrean, publifikatzeko” eskatu dute.
