Bizi bonuak eskura daitezke dagoeneko
Irailaren 1ean abiatuko den kanpainako bonuak deskargatu ditzakete herritarrek jada. Berrikuntzekin dator zazpigarren kanpaina.
Errenteriako Udalak dena prest du Bizi bonuen zazpigarren kanpainarako. Datorren irailaren 1etik abenduaren 9ra bitarte izango da aurtengoa, eta erakundeak jakinarazi du dagoeneko deskargatu daitezkeela bonuak. Gaurtik (hilak 11) eskuragarri izango dira.
Berrikuntzekin dator zazpigarrena, batetik, bonuak 18 urtetik gorako herritarrei egokituko zaizkielako eta ez etxebizitzei, eta bestetik, bonuak fisikoki beharrean telefono mugikor zein ordenagailuz eskuratu beharko direlako. Lotura honetan jo daiteke bonuak deskargatzeko orrira.
Modu berri honen bidez eskuratzeko arazoak dituztenei sistema alternatiboak eskainiko dizkiete, hala nola, udaletxean bertan edota herriko zenbait erakinetan ahalko dituzte jaso. Sistema berri honekin azkeneko urteetan “banaketa gertaturiko eragozpenak gainditu” nahi ditu udalak.
Oraindik kanpainara atxiki ez diren saltokiak parte hartzera deitu ditu udalak, “udalerriko ahalik eta eragile ekonomiko gehienen parte hartzea funtsezkoa baita ekimenaren arrakastarako”.
Herritar bakoitzak 5 euroko hiru bonu izango ditu eskuragarri, 10 euro edo gehiagoko erosketetan erabili ahal izateko.
