"Espazio publiko berriak sortzeko garaia da, antxotarren beharrei eta ametsei leku eginez"
Antxoko topoaren zubibidea eraisteko proiektuaren idazketa esleitu berri du ETSk. Teo Alberro alkateak albistea positiboki baloratu arren, zenbait eskaera egin dizkio Jaurlaritzari.
Euskal Trenbide Sareak (ETS) Pasai Antxoko topoaren zubibidea eraisteko proiektuaren idazketa esleitu berri du. Orotara, 118.992 euroko aurrekontuarekin eta sei hileko egikaritze epearekin onartu dute.
Pasaiako alkate Teo Alberro pozik agertu da albistearekin, positiboki baloratu du: “Albiste baikorra da barrutiarentzat, indar handiz egindako herri eskaera bati bide ematen baitio”, esan du.
Azaldu duenez, proiektuaren helburua 350 metro inguruko luzera duen biaduktuak eskaintzen duen alternatiben azterlana egitea eta irtenbiderik onena zein den zehaztea izango da. Txosten honek eremu horretarako urbanizazio mota egokiena zein izango den zehaztuko du.
ETSk alternatiben aztetlan bat egingo du orain, eta bertan erabakiko dute ea eraispenak partziala izan behar duen edo osoa. “Antxotarren nahia beti izan da biaduktu osoaren eraisketa. Oztopo fisiko hori ezin da bestelako erabileretarako mantendu. Asko jota, ibaiaren gaineko zatiari dagokionez azter litezke alternatibak, baina lurrean eraikitako egiturak, gaur egun espazio publikoa okupatzen dutenak, ezin dira inola ere mantendu. Espazio horiek herriaren bizigarritasunerako berreskuratu behar dugu”, erantsi du Alberrok.
Proiektu honen atzean “antxotar askoren nahia eta lana” dagoela zehaztu nahi izan du alkateak: “Mobilizazioak, interpelazio instituzionalak eta 1.400dik gora sinadura izan dira aldarrikapen honen oinarrian. Herritarrek argi utzi dute zer nahi duten, eta orain erakundeon ardura da horri erantzun duina ematea”.
Dena den, alkateak salatu du Eusko Jaurlaritzak ez dituela aurreikusi herritarren parte hartzea edo udalaren inplikazioa, eta horrek kezka sortu duela udalean: “Susana Garcia Chueca sailburuari bilera eskatu genion premiaz, eta ezetsi egin zuen. Ezin dugu onartu biaduktuaren ordezko espazioen berroneratzea herritarren eta udalaren iritzia kontuan hartu gabe planifikatzea”. Jaurlaritzarekin “lehenbailehen” bilera bat egitea premiazkotzat jo du alkateak, “gutxieneko irizpideak partekatzeko edozein lan tekniko egiten hasi aurretik”.
Bukatzeko, Alberrok aipatu du udal gobernuak konpromiso irmoa duela Antxoren eraldaketa integrala bultzatzeko: “Zubibidearen eraisketak aukera emango digu Antxoren erdigunea berreskuratzeko, irisgarritasuna eta kohesioa hobetzeko, eta puntu ilun anitz desagerrarazteko. Espazio publiko berriak sortzeko garaia da, antxotarren beharrei eta ametsei leku eginez”.
