Bi podium Iñigo Iglesiasentzat
Bigarren eta hirugarren postu banarekin itzuli da Herbehereetatik pilotu errenteriarra. Sailkapen orokorrean bigarren postuan jarraitzen du.
Asteburu gozoa izan du Iñigo Iglesias Bravo pilotu errenteriarrak. Herbehereetan izan da pilotua, Assengo ATT zirkuituan hain zuzen. Sailkapen finalerako balio handiko puntuak poltsikoratu ditu, izan ere, bi bider igo da podiumera: larunbatean bigarren izan zen, eta igandean, berriz, hirugarren. Asteburu ia biribila, beraz.
Bigarren postuan irten zen larunbateko lasterketan, hasiera bikainarekin. Lasterketa osoan zehar lehen postuetan izan zen errenteriarra. Lortutako bigarren postuarekin 25 puntu eskuratu zituen.
Igandean, berriz, hirugarren postuan atera zen. Larunbatekoaren antzeko lasterketa jokatu zuen Iglesiasek. Svorobarekin lehia estua izan zuen, eta azkenean errenteriarrak eraman zuen hirugarren postu hori. Igandekoan 16 puntu eskuratu zituen, ur-pilotuarekin ez irteteagatik zigorra jaso baitzuten askok, tartean, Iglesiasek.
Asteburuko puntuak kontutan hartuta, sailkapen orokorreko bigarren postuan dago Iglesias (149 punturekin), Oliver Svendsenen (169 puntu) atzetik eta Hanseren aurretik (130 puntu).
Bi asteburu besterik ez dira falta Nazioarteko Txapelketa bukatzeko, eta orotara, lau lasterketa ditu aurretik Iglesiasek, lau final. Hurrengo hitzordua Nuburgring-en (Alemania) izango du, irailaren 5 eta 7an.
