Genozidioaren konplize ez izateko eskatu du Emakume Askeak taldeak
Performance bat egin zuen taldeak atzo Oiartzungo Carrafour supermerkatuan, Israelen eta israeldar produktuen kontrako kanpainaren barruan.
Emakume Askeak taldeak, abiatu berri duen kanpainaren barruan, performance bat egin zuen atzo Oiartzungo Carrefour supermerkatuaren kanpoaldean. Taldeko kide batzuk militarrez jantzi (Israelen bandera zeramaten karroen alboan) eta bi palestinarri tiro egiten ari zirela irudikatu zuten, israeldar produktuen eta Israeli laguntza ematen dioten edozein enpresaren kontrako boikota eskatuz supermerkatura sartzen ari ziren guztiei.
Palestinarren kontrako genozidioa salatu eta hori sostengatzen duten enpresei boikota egiteko eskatzeko probestu nahi dute kanpaina hau. Genozidiorik ez eskerrik asko esaldia daramaten pegatinekin hainbat produktu identifikatzen ariko dira Emakume Askeak taldekoak. Horretarako, No thanks izeneko aplikazioa erabiltzen ari dira. App honek barra-kodeak irakurtzen ditu eta produktu edo enpresa hori boikotaren kontrako zerrendan dagoen identifikatzen du.
Genozidioa babesten duten enpresa eta produktu guztiak identifikatzen hasi dira, eta taldekoen asmoa kanpaina Euskal Herri osora zabaltzea da. Euskal Herriko talde ezberdinetan banatu nahi dituzte pegatina hauek, taldekoen arabera, “haiek ekintza berdina aurrera eraman dezaten eta erosketak egitera joaten den edonork erraz identifika dezan genozidio sionista bultzatzen duten enpresak”. Euskal Herriko biztanle orori luzatu diote kanpainara atxikitzeko deialdia eta produktu horiek ez kontsumitzera deitu dituzte herritar guztiak.
