Arditurriko altxorrak ezagutzera, app interaktiboarekin
Arditurri Bide Berdea izeneko app-a kaleratu berri dute, Pasaiako badiatik Aiako Harriraino aurki daitezkeen interesgune eta altxorrak identifikatzeko.
Eskualdeko natura inguruneaz eta ondareaz gozatzera deitu ditu herritarrak Oarsoaldea Garapen Agentziak, beste hainbat proposamenen artean, Arditurriko Bide Berdearen bidez. Oinez zein bizikletaz egiteko ibilbide “erraz eta ederra” dela gogorarazi du agentziak, “Pasaiako badiatik Aiako Harria Parke Naturalaren bihotzeraino”.
Bada, bide hori erraztu eta bidean zehar aurki daitezkeen altxorrak ez galtzeko, app interaktiboa kaleratu dute. Doan eskuragarri dagoen mugikorrerako aplikazioa da, eta honek ibilbidean zehar gidatuko ditu herritarrak, interes puntu nagusien inguruko informazioarekin, argazki zaharrekin, audioarekin eta 360 graduko irudiekin.
Bukaeran, Arditurrira heltzean, familientzako joko interaktibo batekin egingo dute topo herritarrek, “etxeko txikiek lekuaren historia modu dibertigarrian eta originalean ezagutzeko”. Intxixuak, lamiak, Tartalo eta beste hainbat pertsonaia izango dituzte haurrek.
Informazio eta xehetasun gehiago, lotura honetan.
