Süne, Kantagiltzaren hurrengo saioko gonbidatua
Irailaren 7an emango du solasaldi musikatua, Gotzon Barandiaranek gidatuta. Sarrerak ostegunean jarriko dituzte salgai, Kastron.
Süne, 'Lau korapilo' abestiaren bideoklipean. Xanistebanak eta Karrikako festak kenduta, abuztuan Oiartzun izaten den mortu kulturala loratzen hasiko da iraila iristearekin batera. Kantagiltza iniziatibaren aurtengo zikloko saioa iragarri dute iraileko lehen astebururako.
Zehazki, hurrengo igandean —irailak 7— Süne musikaria ekarriko dute Arizmendieneko lorategira. Saioa 18:00etan hasiko da. Hori eguraldia lagun badute. Euri goiti-beheti ari badu, saioa udaletxeko areto nagusira eramango dute (ordu berean hasiko da). Saioa Gotzon Barandiaranek gidatuko du.
Sarrerak datorren ostiralean —hilak 29— jarriko dituzte salgai, Kastro tabernan. 5 euroko prezioa izango dute.
Josune Arakistain, Huntzatik Sünera
Josune Arakistainek (Lastur, Deba; 1996) Huntza taldearekin ezagutarazi zuen bere burua, baina lehenago Euskal Herriko Trikitilarien Txapelketa irabazi zuen.
Pasa den urtean eman zuen azkeneko kontzertua Huntzakoekin. Ordurako, baziren bi urte bakarkako ibilbide paraleloa hasi zuela, Süne izen artistikoarekin. Pop musika zein elektronikoa trikitiarekin nahasten ditu lasturtarrak.
