Artikutza Bideko errepide zati bat asfaltatzen hasi dira
GI-3631 errepidea asfaltatzen hasi dira aldundiaren langileak. Astebete inguru iraungo dute lanek, eta by-passa egingo dute.
Astebete inguru iraungo dute asfaltatze lanek. Azken hilabeteetan istripu ugari izan dira GI-3631 errepidean, Karrika inguruan. Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak asfaltatze-lanak hasi zituen, Olaldeko biribilgunea eta Lekungarai baserriaren arteko tartean. Hala ere, lanak ez ziren orduan guztiz bukatu, eta gaur hasi dituzten lanekin bukatu nahi dute.
Oinarrizko asfaltoa botata dago, eta bi geruza falta zaizkio guztiz bukatzeko. Errepidea irristakor egon da bide tarte jakin batean, eta euri tanta bat baino gehiago botatzean arriskutsu bilakatu da. Karrikako auzotarrek sinadura-bilketa egin zuten egoera salatzeko, eta aldundiari helarazi zizkioten.
Eguraldiaren arabera betiere, asfaltatze eta txukuntze lanek astebete iraungo dute. By-pass bat egin dute bertan, bi noranzkoetan doazen ibilgailuak txandaka pasa daitezen.
Kontuan hartu beharko da datorren ostegunerako. Ez da trafiko gehien duen errepidea, baina etzi hilaren 28 da, San Agustin Eguna. Artikutzara joango den jende andana pazientzia pixka bat gaineratu beharko du hamaiketakoaren poltsan.
