Irati Tamarit lore diseinatzailea, munduko onenekin lehiatzeko prest
Lore diseinatzaile ospetsua Herbehereetan da jada, Lore Artearen Munduko Kopan ariko da egunotan oiartzuarra. Lehiaren atarian, urduri baino, "oso gogotsu" dagoela aitortu dio HITZAri.
Irati Tamarit lore diseinatzailea. Argazkia: @emilioclip Irati Tamarit Buenetxea lore diseinatzailea Herbehereetan da jada, orain arte izandako erronka handienetako bati aurre egiteko prest da oiartzuarra: Lore Artearen Munduko Kopa jokatuko du, bihar (osteguna, hilak 28) hasita, larunbatera bitarte (hilak 30). Haga hirian da dagoeneko Tamarit, urduri, baina “oso gogotsu”, HITZAri jakinarazi berri dionez.
Espainiako estatuko ordezkari bakarra izango da Tamarit, eta munduko onenak izango ditu aurrez aurre. Lehiakideek ere munduko onenetako bat izango dute parean, lore diseinuaren munduan txoko handia egin baitu azken urteetan Tamaritek, aspaldi lortu zuen merezitako ospea alor honetan.
Lehiaren atarian, artistarekin hitz egin du HITZAk. Urduri baino, “oso gogotsu” dagoela aitortu du: “Niretzako nire buruaren kontrako azterketa bat da, nire buruaren kontra jokatzen dut, eta nire ideia atera nahi dut. Oso gogotsu nago, urduri, baina urduritasun positiboarekin”.
23 partaide izango ditu aurrean Tamaritek. HITZAri kontatu dionez, gaur prestaketa lanak egingo ditu bere laguntzailearekin. Bihar hasiko da lehia, eta txapelketa jokatuko den bi egunetan bi proba jokatuko ditu. Orotara bost proba izango dira.
Lehen bi probetan etxetik eramandakoa aurkeztuko du Tamaritek. “Estruktura, loreak, egurrak, burdina… Dena etxetik ekarri dugu kamioiez. Lehen bi probetan erabaki guztiak nireak izango dira, nahi dudana egingo dut”. Gero, beste bi proba izango ditu Tamaritek, “sorpresa” izango direnak loreari dagokionez. Horietarako estrukturak prest ditu oiartzuarrak, eta epaileek aukeratutako loreekin apaindu beharko du zuzenean egitura hori. Bosgarren proba ere sorpresa izango da, erabatekoa oraingo honetan. Tamarit erreminta kutxarekin agertuko da soilik, eta zerotik bukaerara ariko da zeregin horretan.
Larunbat goizean bukatuko da lehia, orduan jakinaraziko dituzte lehen hamar sailkatuak. Tamaritek bertan txoko bat egiten badu, seigarren proba bat jokatu beharko du, sorpresa izango dena ere. “Nire ametsa seigarren proba horretara iristea litzateke, hamar onenen artean egotea”, aitortu du.
Sona handiko lore diseinatzailea
Ibilbide oparoa darama Tamaritek soinean. Haren gurasoek hasitako bideari jarraiki (Mari Carmen loredenda dute Errenteria-Oreretan 1974. urtetik), lau haizetara zabaldu nahi zuen bere artea, eta horretarako Bartzelonako Escola de Disseny Floral i Paisatgisme eskolan bide berri bat hasi zuen. Lore Diseinuko goi mailako teknikari titulua eskuratu zuen bertan, eta mundu osoko erreferenteekin orpoz orpo aritu da urte luzez, gaur egun egiten dituen diseinu txiki, ertain eta erraldoi eder eta ikusgarri horietara heldu arte. Esaterako, 2018ko Espainiako Lore Arte Kopan zilarrezko domina eskuratu zuen errenteriarrak, eta behin baino gehiagotan epaile lanak egin ditu izen oneko txapelketetan.
Irakasle ere bada Tamarit Bartzelonan, eta zeregin hori nazioarteko proiektuekin uztartzen ditu, freelance gisa aritzen da. Lola Flowers Barcelona enpresa zuzentzen du, ikaskuntzan, erakustaldietan eta ekitaldietarako lore diseinuan aritzen dena bereziki.
Lau urtean behin jokatzen da Lore Artearen Munduko Kopa eta aurtengoan bai, mundu osoko onenak ariko dira lehian. Izan ere, antolatzaileen arabera, aurtengo edizioa “lehen aldiz benetako munduko txapelketa” izango da, Florint Europako elkarte izatetik munduko osoko kideak jasotzera pasatu baita. Beraz, munduko lore diseinatzaile onenak izango ditu aurkari lore diseinatzaile errenteriarrak.
