Poesiaz sukaldean goxatuko dutenen bila ari dira
Poesia Egunen barruan 'Poeta bat zure sukaldean' egingo dute, Harkaitz Cano, Itziar Ugarte eta Jose Luis Otamendirekin. Ikusi nahi duenak izena eman behar du.
Naturarekin konektatuta egon da Poesia Egunak. Aurten, sukaldean sartuko dira. Iraileko lehenengo bi asteburuetan banatuko dira Oiartzungo Poesia Egunen aurtengo ekitaldiko saioak. Aurtengo gaia etxea izango da, eta antolatu duten ekitaldietako batean poesia sukalderaino sartuko da. Hitzez hitz.
Izan ere, Poeta bat zure sukaldean izenburupean, errezitaldiak antolatu dituzte irailaren 8, 9 eta 10eko astebururako. Poesia kozinatu eta zerbitzatzeko ardura izango dutenak euskal poesiagintzan Michelin izarren jabe dira: Harkaitz Cano, Itziar Ugarte eta Jose Luis Otamendi.
Herritarrek ekitaldirako utzitako sukaldeetan izango dira errezitaldiak, 19:00etan hasita. Lapikoan beratutako poesia ikus-entzuteko afaltiarren bila ari dira antolatzaileak; ez da derrigorrez mokofina izan behar, poesia gustuko izatea nahikoa izango da.
Ikus-entzule izan nahi dutenek antolatzaileekin jarri beharko dute harremanetan, posta elektroniko bidez.
