Ardiei mingain urdinaren kontrako txertoa jartzea animatu dute
Aldundiak 4-8 serotipoen kontrako txertoa jarriko die ardiei. Derrigorrezkoa izango ez den arren, jartzea animatu dute.
Artalde bat, Ergoiengo soro batean. Gipuzkoako Foru Aldundiak herrialdeko abeltzainei gonbita egin die, beraien ardiak mingain urdina izeneko gaixotasun birikoaren kontra txerta ditzaten.
Iazko udazkenean, Gipuzkoan gaixotasun horren 8. serotipoaren hainbat foku detektatu zituzten. Behiei eta ardiei eragin zien, eta, ondorioz, haiei txertoa jartzea derrigortu zen.
Aurtengo apirilean, hala ere, txertoa jartzea derrigorra izatetik borondatezkoa izatera pasatu da. Espainiako Estatuak hartu du erabakia, eta horretan oinarrituta, aldundiak borondatezko bi kanpaina abiarazi dituela jakinarazi du.
Alde batetik, 3. serotipoaren kontrako txertoa jartzera animatu ditu abeltzainak. Beste eremu batzuetan heriotza-tasa altua eragin du serotipo horrek.
Txertoa jartzeko kanpaina abian da, eta epea luzatzea erabaki, oraindik txertorik jaso ez duten artaldeetako abelburuentzako. Kanpaina urte bukatu baino lehen amaituko dela aurreikusi dute.
4-8. serotipoena, berritzea
Bestalde, 4-8. serotipoen kontra emandako txertoak 12 hilabete irauten dituela gogorarazi dute. Iaz jarri zituzten derrigorrezko txertoen iraupena bukatuta, oroitzapen-dosia ematea gomendatu du aldundiak.
Hiru hilabetetik gorako ardi guztientzako izango da borondatezko kanpaina hori.
Gogorarazi dutenez, uda honetan 8. serotipoaren foku berriak agertu dira, baita 3. serotipoarenak ere.
