'Batelerak' play-offetan animatzeko autobusak antolatu ditu klubak
San-Juan Koxtapek marea arrosa mobilizatuko du Bermeora eta Portugaletera, hilaren 20an eta 21ean.
Iñaki Suarez argazkiak San Juan-Koxtape Arraun Elkarteko emakumeen talde nagusiak denboraldi bikaina osatu du aurten, bigarren postuan sailkatu baita ETE Ligan, zazpi bandera irabazita. Bateleren sasoi apartak saria izango du, igoerako play-offak jokatuko baitituzte hilaren 20an eta 21ean, Bermeoko eta Portugaleteko urtean. Klubak ez ditu arraunlariak bakarrik utziko, eta marea arrosa mobilizatuko du sasoiko zita erabakigarrienera, autobusak antolatu baititu arraunlariei babesa emateko.
Play-offak bi jardunaldi izango ditu. Estropada bakarrera joateko prezioa 20 eurokoa da pertsona bakoitzeko. Bietara joan nahi dutenek, aldiz, 35 euro ordaindu beharko dituzte. Halaber, klubak adierazi du klubeko arraunlariek eta 18 urtetik beherakoek hobariak izango dituztela. Haien egun bateko prezioa 15 eurokoa da, eta asteburu osokoa 25ekoa. Izen emateak klubeko dendan egin beharko dira ostiraletan, 18:00etatik 20:00etara bitartean.
Hilaren 20an Donibanetik aterako dira autobusak, 11:00etan. Geldialdiak egingo dituzte Lezoko eta Errenteria-Oreretako Iztietako autobus geltokietan. Itzulera 20:00etan izango da Bermeotik. Hilaren 21ean, aldiz, marea arrosa Donibanetik irtengo da, 08:15ean. Larunbatean bezala, geldialdiak egingo dituzte Lezon eta Iztietan. Itzulera 14:00etan izango da Portugaletetik.
