Lonja ezagutzeko aukera Materrekin
Materrek bisita gidatua antolatu du ostegunean (hilak 4) Pasaiako lonjara. Bisita 05:50etik 07:20ra bitartean izango da, eta 15 euroko kostua du.
Argazkia: Kofradia.eus. Mater Ontzi Museo Ekoaktiboak bisita gidatua antolatu du ostegunean (hilak 4) Pasaiako lonjara. Bisita 05:50etik 07:20ra bitartean izango da, eta 15 euroko kostua du. Izen emateak hiru modutara egin daitezke: helbide elektroniko bidez, 619 81 42 25 telefonora deituta edota Materren webgunea baliatuta.
Bisita egiten dutenek arrainak zer bide egiten duen ezagutuko dute, arrantzaleek lonjara eramaten dutenetik arrandegira iristen den arte. Horrez gain, arrain enkantea nolakoa den ikusi ahal izango dute, eta lonjaren egunerokoan dagoen jarduera biziaren lekuko izango dira. Bisitaren gidariak, gainera, arrantza aparailuak erakutsi eta Arrantzale Kofradien funtzionamendua azalduko ditu. Azkenik, gosari bat egingo dute lonjaren ondoan.
Halaber, Materrek jakinarazi du ostegunean (hilak 4) museoak ohiko ordutegia berreskuratuko duela. Materreko kideek Bisita Arrantzalea eta Ekoaktiboa egiten dituzte Mater ontzian, eta hauexek dira ordutegiak:
- Ostegun eta ostiralak: 16:00, 17:00 eta 18:00.
- Larunbatak: 11:00, 12:00, 13:00, 16:00, 17:00 eta 18:00.
- Igande eta jaiegunak: 11:00, 12:00 eta 13:00.
