Bonu kanpainarekin desadostasuna azaldu du PSE-EEk
Sozialistek prentsa ohar bidez eman dituzte bonu kanpainarekin bat ez egiteko arrazoiak.
Beraungo aita Donosti kalea.PSE-EE Errenteriako Udalak martxan jarri berri duen bonu kanpainarekin desadostasuna azaldu du alderdi sozialistak. Atzo aurkeztu zuen Bizi Errenteria programaren barruko zazpigarren bonu kanpaina udalak, Errenkoalde elkarteak eta hainbat merkatarik lagunduta; PSE-EE ez beste alderdi guztietako ordezkariak izan ziren aurkezpen ekitaldi horretan.
Sozialistek prentsa ohar bidez eman dituzte bonu kanpainarekin bat ez egiteko arrazoiak: “Tabakoa mantendu du bonu kanpainan, ikuspuntua aldatu du abisurik eman gabe, eta auzoetako merkataritzaren gainbeheraren aurrean ez du ekiteko asmorik erakutsi gobernu taldeak, nahiz eta hobekuntza horiek proposatu genizkion”. Ildo horretatik “auzoak abandonatzea” egotzi dio gobernu taldeari, “horren adierazle da Beraunen 2025ean Merkataritza Plan Berezi bat bultzatzeko Agintaldi Planean agindutako 120.000 euroko diru zatiaren arrastorik ez izatea inon gaur gaurkoz”.
Horren aurrean, “ardura eta koherentziagatik” ez zuela atzoko agerraldian parte hartu azaldu du.
Harago jo du kritikarekin PSE-EEk, eta EH Bilduk merkataritzari begira dituen politikak “porrota direla” gaineratu du, “azken Merkataritza Plana onartu zenetik, saltokien kopuruak drastikoki jaisten jarraitu du”. Horren aurrean ezinbestekoak jo du “politika anbiziotsuagoak eta ikuspegi estrategikoa” txertatzea”.
Haserre azaldu dira sozialistak tabakoa bonu kanpainatik kanpo uzteko egindako proposamena aintzat ez hartu izana, “oso larria da azken bi kanpainetan 50.000 euro gastatu izana osasunarentzat kaltegarria den tabakoa finantzatzeko diru publikoarekin. Zuzendu beharrean, kanpaina honetan ere mantentzea erabaki du”.
