Ikastaro eta hitzaldi sasoia bueltan da Gaztañon
Hitzaldi zikloa Jon Maia Soria bertsolari, abeslari, idazle, itzultzaile eta dokumentalgileak abiatuko du hilaren 12an.
Jon Maia Soriak zabalduko du Gaztaño auzoko hitzaldi zikloa. Merezitako atsedenaldiaren ostean, indarberrituta datoz Gaztaño auzokoak, eta urtero bezala, hutsik egin gabe hilabete honetan bertan jarriko dituzte martxan zenbait ikastaro. Gaztañoko auzo lokalak hartuko ditu horiek guztiak, ohi moduan, eta auzotar zein herritar orori irekita daudela jarri dute nabarmen auzo elkarteko ordezkariek.
Aurten, yoga, euskal dantza, tai txi txuan, Dantza zure erritmora, Abako kosturo terapia eta dantza afrikarren tailerrak izango dira aukeran. Albistearen bukaeran kontsulta daitezke ikastaro bakoitzaren hasiera data eta ordutegiak.
Izena eman nahi duten pertsonek ikastaroetara bertaratzea baino ez dute izena emateko, eta antolatzaileek auzotarrak, zein auzo kanpoko herritarrei dei egin diete eskaintza zabal horren artean gustukoen duten tailerra aukera dezaten.
Jon Maiaren hitzaldia, hilaren 12an
Atsedenaldia egin dute udaran hitzaldi zikloetan ere. Ezaguna da Gaztañoko auzo elkarteak urtero antolatzen duen ekintza hori egunerokotasun eta interes betea duten gaiekin lotutako solasaldiak eskaintzen dituztelako, gertu-gertukoak gainera.
Ikasturte berriko zikloari hasiera emateko ez dute nolanahiko hizlaria hautatu. Jon Maia Soria, bertsolari, abeslari, idazle, itzultzaile eta dokumentalgile zumaiarra izango da solasean Gaztañoko auzo lokalean hilaren 12an, ostirala, 19:00etan hasita, Identitatea, memoria, etorkizuna, gu berriak hitzaldiaren barruan.
Ez du Maiak inor epel utziko hitzaldi horretan; ziurra da hori.
Gaztañoko auzo elkarteak hitzaldian parte hartzera deitu ditu herritarrak, “interesgarria izango da, zalantzarik gabe, eta aukera paregabea Jon Maiak bertatik bertara kontatuko duen hori guztia entzuteko”. Zikloaren lehen hitzordua izango da Maiarena, horren atzetik; saio interesgarriak eskaintzen jarraituko duela ikasturte osoan zehar gogorarazi du.
Ikastaroen hasiera data
- Yoga Hilaren 22an hasiko dira eskolak, 16:30ean eta 20:00etan. Hilaren 25ean, 20:15ean izango da ikastaroa. Astelehen eta Ostegunetan, aipatutako ordutegietan.
- Euskal dantza Urriaren 6an hasita, astelehen eta ostegunetan, 10:30etik 11:30era.
- Tai txi txuan Hilaren 29an hasiko da, 18:15ean.
- Dantza zure erritmora Hilaren 16an hasita, asteartero, 10:30etik 13:00etara.
- Abako kosturo terapia Hitzordua eskatu behar da (klik hemen)
- Dantza afrikarra Hilaren 18an hasita, astearte eta ostegunetan, 18:00etatik 20:00etara.
