Burrunba, genozidioa eten dezaten
Gernika-Palestina Herri Ekimenak deituta, 19:00etan bilduko dira Herriko Plazara.
Genozidioa gelditzeko iazko urrian egindako elkarretaratze baten artxibo irudia. Protestara deitu du Gernika-Palestina Herri Ekimenak ostirala hilaren 5erako Euskal Herri luze zabalean. Palestinaren kontrako genozidioa salatzera deitu ditu herritarrak, horrenbestez, eltze jotzea antolatuta.
Genozidioa are gehiago “gogortu izana” salatu du herritar antolakundeak: “Gazako azpiegitura guztiak txikituta, Palestinako herritarrak sarraskitzen jarraitzen du Israelek, eta gainera, gosez eta egarriz hiltzen, ospitaleei erasotzen, eta genozidio hori munduari transmititzen ari diren komunikabideetako ehunka langile hiltzen”.
Aterabide bakarra, “Israel bakartzea” dela sinistuta azaldu da Gernika-Palestina herritar ekimena eta uste du Europako Batasuna osatzen duten estatuek badituztela tresnak Israelgo gobernuaren jarreran eragiteko, “eurak dira Israelen merkataritza bazkide eta arma hornitzaile nagusienetakoak”. Erakundeak ere hor kokatu ditu eta eskaera zehatza egin die, “gaur egun Israelekin dituzten harreman instituzional, komertzial, kirol arlokoak edo bestelakoak eten behar dituzte”.
Ostiralerako deitu dituen protestekin bat egin du Errenteria-Oreretak, eta hori horrela, burrunba egingo dute 19:00etan Herriko Plazan. Dinamika herritarrak deia luzatu die herritar guztiei ekintza zaratatsuarekin bat egin eta genozidioa eteteko eska dezaten.
