Elisa Beltran Ruiz de Aldaren memoria omentzeko ekitaldiak antolatu dituzte
Beltran errenteriarra zen. Haren senarrak hil zuen 1948an, Donostian, itsasora botata.
Xabier Susperregi ikerlari errenteriarra. Elisa Beltran Ruiz de Aldaren memoria omentzeko hainbat ekitaldi antolatu dituzte bihar, osteguna, eta etzi ostirala. Errenteriarra zen Beltran, eta senarrak hil zuen 1948. urtean Donostian, itsasora botata.
Lan handia eta ezinbestekoa egin du Xabier Susperregi ikerlari errenteriarrak Beltranekin gertatutakoa, haren hilketa matxista gaur egunera ekarri eta belaunaldi gazteagoek ezagutu dezaten. Beltranen inguruko hainbat berriren haitik tiraka, hilketa matxista horren gainean dagoen informazioa bildu du Susperregik, eta gainera, emakumearen senitartekoekin harremana berreskuratu du. Gaur iritsiko dira Errenteria-Oreretara Argentinatik Beltranen alaba eta bere lau biloba.
Ikerlari errenteriarrak eta Errenteriako Udalak hainbat ekitaldi antolatu dituzte elkarlanean, eta horietan parte hartzera deitu dituzte herritarrak, hilketa matxistatik zazpi hamarkada luze joan direnean. Ekitaldi horien bidez, Beltranek berak eta bere familiak merezi duen aitortza egin nahi diete.
Leheneik eta behin, harrera instituzionala egingo diete bi6:00etan, udaletxeko areto nagusian. Alkate buru dutela, udal ordezkariak izango dira ekitaldi horretan. Keinu horren bidez, udalak aitortza egitearekin batera, indarkeria matxisten memoria historikoa berreskuratzeko bere konpromisoa berretsi nahi duela azaldu du.
Bihar bertan, 18:30ean Elisa Beltran, El ultimo tranvia liburua aurkeztuko du Xabier Susperregik. Susperregik ondu du liburua, Elisa Jure Elisa Beltranen iloba, Norma Domancich, Tere Villalobos ilustratzailea eta mundu osoko dozenaka artista eta poeten parte hartzearekin, “akabatutako bizitza bakoitzaren balioa erakutsiko du”.
Etzi, ostirala, beste ekitaldi bat egingo dute. Elisa Beltran Ruiz de Aldaren omenezko poesia errezitaldia antolatu dute Lekuona Fabrikan, 18:30ean. Mari Mar Estevez eta Sihara Nuño poetek aurkeztuta. Errezitaldiaren barruan beltranen omenez pianoz grabatutako pieza batzuk eta munduko hainbat bazterretatik haren omenez idatzi eta liburura bildu diren poemetako batzuk irakurriko dituzte.
Indarkeria matxistaren memoria historikoa berreskuratzen
Indarkeria matxistaren memoria historikoa berreskuratzeko iazko udazkenean udalak hasitako bideari segida ematen diola ekitaldiak azaldu du tokiko erakundeak. Errenteriako Udalak onartutako III. Berdintasunerako planean, emakumeen eta gizonen berdintasunerako arloko politika publikoak garatzeko esparru estrategikoak ezarri ziren. Hainbat lan ildo zehaztu ziren bertan; besteak beste, indarkeria matxistarik gabeko udalerria lortzea: “Helburu hori lortzeko zehaztu zen lan lerroetako bat udalerriko emakumeen aurkako indarkeriaren memoria historikoa jasotzea izan zen. Hala, 2024ko udazkenean, berdintasun kontseiluarekin batera jardunaldiak antolatu ziren udalerriko indarkeria matxisten memoria historikoa berreskuratzeko lehen urrats gisa. Datorren eguneko ekitaldiek memoria hau osatzen jarraitu nahi dute”.
