Estankorik ez dago atxikita bonu kanpaina berrira
Tabakoa erosteko bonuak erabiltzearen kontra azaldu da PSE-EE, eta argudio gisa erabili kanpainarekin bat ez egiteko; kanpaina berrian, ordea, ez dago estankorik atxikita.
Errenteriako Udalak astelehenean jarri zuen martxan Bizi Errenteria programaren barruan bonu kanpaina. Zazpigarrena da, zehazki, astelehenean abiatu eta abenduaren 9ra arte indarrean izango den kanpaina. PSE-EE ez beste alderdi guztietako ordezkariak izan ziren aurkezpen ekitaldi horretan.
Atzo jakinarazi zuten sozialistek prentsa ohar bidez ez zutela bat egin kanpainarekin eta horretarako arrazoiak zerrendatu. Emandako arrazoi horien arteko bat, bonu kanpainan tabakoa mantendu izana izan da. Haserre azaldu ziren sozialistak tabakoa bonu kanpainatik kanpo uzteko egindako proposamena aintzat ez hartu izanagatik, “oso larria da azken bi kanpainetan 50.000 euro gastatu izana osasunarentzat kaltegarria den tabakoa finantzatzeko diru publikoarekin. Zuzendu beharrean, kanpaina honetan ere mantentzea erabaki du”.
Gaiarekin lotuta herritar baten deia jaso du HITZAk. Hark azaldu du, ez dagoela aurten estankorik bonu kanpainara atxikitako saltokien artean. Bizi Errenterian azaltzen den saltokien zerrenda kontsultatu du HITZAk eta baieztatu hala dela, ez dagoela zazpigarren kanpaina honetan estankorik atxikita.
