Hibaika Kontxan, San Juan ez
'Madalen' ontziak hamahirugarrenez jarraian lortu du urteko estropadarik garrantzitsuenerako sailkatzea. San Juanen, dezepzioa.
Hibaikako arraunlariak, gaur, Donostiako portuan.Zuriñe Alberdi Iraola Kontxako Emakumeen XVIII. Banderan izango da Hibaika. Ez, ordea, San Juan. Oarsoaldeko bi ordezkariek, beraz, xanpaina eta ozpina gaurkoan. Solbentziaz lortu dute plaza errenteriarrek, laugarren izan direlako; sanjuandarrek, aldiz, bueltako luzean zailtasunak izan dituzte, eta ziabogan utzitako lehiakortasun sentsazioa olatu artean joan zaie zortzigarren izateko. Zazpi plaza zeuden jokoan gaurkoan, eta horietako bat errenteriarentzat izan da. Beheko zerrendan, gaurko estropadaren lehen postuen zerrenda.
Hamahirugarrenez jarraian izango da Hibaika Kontxan. Hilaren 7ko eta 14ko igandeetan munduko traineru estropadarik onenaren zati izango dira. Aho handiarekin ez, baina sailkatzeko esperantza bazuten Madalen ontzikoek, eta itsasoan erakutsi dute. Jada ziabogan barruan ziren Errenteriakoak, laugarren. Helmugara bueltakoa ere ganoraz egin, eta helburua lortuta. Hamahirugarrenez. Kontxan jarraian partaidetza gehien dituen trainerua da Hibaikakoa.

‘Batelerak’ trainerua, Donostiako portuan. Argazkia: Oihana Cereijo.
San Juanek ezin. Ziabogan sailkapenaren borrokan izan dira Batelerak ontzikoak, baina ez dira ondo moldatu Kontxako hondartzarako bidean, eta horrelakoetan galdu ezin diren segundo batzuk itsasoan utzi dituzte. Agian, tripulazio oso gaztea izanik, presioak haiengan eragina izan du. 2020an izan zen San Juan azken aldiz Kontxan, eta aurten ere Pasaiako ordezkaririk ez da izanen urteko estropada garrantzitsuenean. Orain, Euskotrenera igotzeko play-offean zentratzea tokatuko zaie arrosei. Badituzte igotzeko aukerak.
- 1. Orio 11.42
- 2. Tolosaldea 11.49
- 3. Donostiarra 11.53
- 4. Hibaika 11.59
- 5. Hondarribia 12.02
- 6. Astillero 12.04
- 7. Zumaia 12.05
- 8. San Juan 12.09
- 9. Zarautz. 12:00eko denbora egin du, baina epaileek 10 segundo zigorra ezarri diote hasierako estatxa behar baino lehenago askatzeagatik. Beraz, 12:10eko denbora da haiena.
