Eragileek zipriztindutako kultur zeharkaldia
Atlantikaldiari ekarpena egin dioten eragileen eskutik aurkeztu dituzte Atlantikaldiaren hamabigarren ekitaldiaren xehetasun guztiak gaur.
Hamaika eragilek hartu dute parte Atlantikaldiaren egitarau osaketan. Atlantikaldiaren hamabigarren aldia hasteko bi aste falta direnean, musika jaialdi eta kultur topagunearen gaineko xehetasun guztiak azaltzeko agerraldia egin dute gaur. Protagonista nagusiak, eragileak, hamaika. Agertokia: Atlantikaldiaren barruan gastronomiaren bueltan askotariko kulturak, herriak eta jatorriak elkarrizketan jartzen dituen Sukaldian iniziatibaren simulazioa, txikia Alaberga auzoko plazan, Arditurri elkartearen atarian.
Azalpenak Aizpea Otaegi alkateak, Maite Gartzia Kultura zinegotziak, Laura Landa Kultura teknikariak eta Isaac Palencia Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultur Sustapen eta Gazteria zuzendariak eman dituzte.
Zeharkaldiak, hori da aurtengo Atlantikaldiaren leloa hitzartze hasieran Otaegik nabarmen jarri duen moduan, “espero duguna da Atlantikaldiaren hamabigarren aldi honetan, hilaren 18tik 21era gauzatuko denak, zeharkaldien olatu handi bat gertatzea gure udalerrian. Kulturak transmititzen digun guzti horrek zeharkatzen gaitu: bizipenek, harremanek… eta horretarako testuinguru berezia izango dugu, gastronomiak, dantzak, musikak, dantzak zeharkatzea espero dugu eta gaurko agerraldia egin nahi izan dugu ezinbestekoak diren eragileekin, azkenean hori badelako atlantikaldiaren ezaugarri funtsezko bat, eragileen partaidetza eta aniztasuna”.
Sukaldian ekintzari aipamen berezia Otaegik: “Atlantikaldiaren baitan ekintza esanguratsu eta arrakastatsua bihurtu da, erakutsiz, gastronomia ere badela diziplina bat ahalmen handia duena kultur arteko harremanak eraikitzeko. Horregatik egin nahi izan dugu gaur agerraldi hau partaidetza hori azalduz eta gastronomia bezalako diziplina bat baliatuta”.
Eskerrak eman dizkio, bestalde, aldundiari Atlantikaldiari emandako laguntzarengatik eta urteroko lankidetzarengatik.
Palenciak hartu du ondoren hitza. Kultur Sustapen eta Gazteria zuzendaritzatik laguntza asko bideratzen dituztela udaletxeetara halako kultur ekitaldiak antolatzeko jarri du nabarmen, “diru laguntzetatik hasi, baita esfortzu berezia eginez haur eta gazteekin lotura handiagoa duten programak sustatzeko Atlantikaldiaren kasuan bezala. Bitartekoak ere jartzen ditugu eskura, Dantzagunea kasu. Bertan Sortutakoak programazioaren barruko proiektu batek hartuko du parte jaialdian. Baita Katapulta Tourren bidez ere, bertan ari diren bi sortzaile ariko dira aurtengo jaialdian”.
Hamaika musika emanaldi
Eskaintzaz aritu da Landa. Kultura teknikariak azaldu du urtero gisa, aurten ere lau gune izango direla ekitaldi ezberdinak hartzeko: Itsasargi Nagusia Agirre Lehendakariaren plazan, gertuko emanaldiak hartuko dituen Herriko Plaza, arte urbanoaren habi izango den Panier orubeko Kale Kaia, eta Herrixka eta Gastrogunea hartuko dituen Foru Plaza.
Itsas elkarrizketei aipamen berezia egin die Landak; horiek dira Atlantikaldiaren bereizgarririk garrantzitsuenetako bat. Izan ere, nazioarteko eta bertako sortzaileek ikuskizun bakarrak sortzen dituzte, “aurten besteak beste, izango ditugu Pambele talde afro kolonbiarra Euskal Herrian bizi den Laura Penagos kolonbiarrarekin batera; Kataluniako Muchachito Bombo Infierno Pirata musikari errenteriarrarekin; Marokoko Aita Mon Amour BihoTX txalapartariekin, eta Portugalgo Kumpania Alzagarra Mirua talde tolosarrarekin”.
Musika eskaintza, ohi bezala, artista zerrenda luze batekin osatu dute. Besteak beste, Jumelage, Eider, Ramon Mirabet, Anixe, Kiliki, Luke Amstrong, Aiert, Errenteriako Musika Banda, AimarZ edo Castazabal taldeekin.
Herri Arte Eskolari ere aipamena Kultura teknikariak. izan ere, aurten ere, bosgarrenez, ekarpena egingo dio jaialdi handiari, “ikasle eta irakasleek Okzitaniako artistekin batera landutako elkarlanaren emaitza aurkeztuko dute: Joanis Mathieu, Yann Spouy eta Patxi Perezekin Errenterian egindako egonalditik sortu zen pieza taularatuko dute”.
Aurtengo hitzordu berezien artean, nabarmen jarri du Gartziak bere aldetik Palestinako Sol Band taldearen kontzertua: “Iaz Gazako egoeragatik bertan behera utzi behar izan zen hitzordua. Aurten izango dira eta Olatz Salvador, Eñaut Elorrieta, Ines Osinaga eta Arkaitz Minerrekin batera ariko dira oholtza gainean”.
Horiekin batera, beste hamaika jarduera izango dira jaialdiaren barruan, dantza, literatura, haur eta familientzako jarduerak, tailerra, gastronomia… Guztiak doakoak direla gogorarazi du Gartziak, baina aurrez izena eman beharko dela parte hartzeko hainbatetan. Horien gaineko informazioa eta izena emateko, egin klik hemen.
Sukaldian
Atlantikaldiaren bereizgarrietako bat den Sukaldian iniziatibari ere aipamena egin dio Gartziak, “gastronomiaren bidez, jaialdiak kulturarteko topaketari egiten dion ekarpenik nabarmenena”. Horren barruan, herriko elkarte gastronomikoetan herritarrek eta atzerritik etorritako komunitateek elkarrekin prestatuko dituzte hainbat herrialdeetako errezetak. aurten, Maroko, Aljeria, Gambia, Mexiko, Ukrainia, Mongolia, Venezuela, Galizia eta Ijito komunitatea izango dira protagonistak. Goizez, 10:00etan hasiko dira prestaketa lanak Errenteria-Oreretako elkarte gastronomikoetan igandea 21ean. Topaketan kozinatutako pintxoen dastaketa egingo dute 13:30ean Herrixkan euro baten truke, eta jasotako dirua Zaporeak proiektuari bideratuko diote.
Agerraldia bukatzeko Otaegik hartu du hitza berriro, eta Palestinako Sol Band taldeari egin dio aipamena: “oso egoera berezia bizitzen ari dira. Beraientzat ere une berezia izango dela pentsatzen dut ahotsa jarri ahalko diotelako bizitzen ari diren guztiari. Guk ere babesa adieraztea polita izango da eta aukera emango digu, gainera, Gazan gertatzen ari den guztiarekin gure elkartasuna adierazteko. Kulturarteko jaialdi baten barruan zentzu guztia dauka beraien kulturaren eta beraien sorkuntzaren aldeko aldarri hori babesteak”.
Azkenik gonbidapena herritarrei, alkateak: “Orain arteko harrera egin diezaiogun Atlantikaldiari, oro har gure lurraldearen luze zabalean bizi direnak ere gonbidatzea jaialdian parte hartzera eta zeharka gaitzala Atlantikaldiak guztiak, eta izan dadila jaialdi bat orain arte izan den bezala elkarbizitzaren balioa, eta kulturartekotasunaren balioa are sendoagoa izan dadin gure herrian”.
