Ibilgailu elektrikoak kargatzeko, 8 gune berri Pasaiako portuan
Jardueren helburua da langileen artean mugikortasun iraunkorra sustatzea eta ibilgailu mota horien eskaera gero eta handiagoa hornitzea.
Pasaiako Portu Agintaritzak (PPA) 60.000 euro baino gehiagoko inbertsioa egin du portuan ibilgailu elektrikoak kargatzeko 8 gune berri jartzeko. Kargagailu horiek 7,4 kWko potentzia dute, eta PPAren Transatlantiko eraikinaren kanpoko aparkalekuan eta arrantza lonjaren barruko parkingean kokatu dituzte. Gune horiek portuko eta lonjako langileei begirakoak dira. Jardueren helburua da langileen artean mugikortasun iraunkorra sustatzea eta ibilgailu mota horien eskaera gero eta handiagoa hornitzea.
“Ibilgailu elektrikoentzako karga puntuak instalatzea funtsezkoa da mugikortasun iraunkorra eta gure langileen artean gidatze garbiago eta eraginkorrago baterako trantsizioa sustatzeko”, adierazi du Izaskun Goñi PPAko presidenteak.
Jarduketek bi hilabeteko iraupena izan dute, eta kanalizazioak, babes koadroak eta beharrezko babesak instalatu dituzte, indarrean dagoen araudia betez. Horrez gain, Transatlantiko eraikineko aparkalekuan dauden kargagailuetako bat aldatu dute, espazioaren baldintza berrietara egokitzeko.
Azken bi hilabeteetan gauzatutako lanak mugikortasun jasangarriko estrategia baten parte direla jakinarazi du PPAk, eta PPAko langileek soilik erabiltzeko 10 ibilgailu elektrikoko flota bat ere barne hartzen duela gaineratu dute.
“2026an zehar gure ibilgailu flota handitzea eta dauden modeloetako batzuk modernizatzea espero dugu, portuko jarduera deskarbonizatzen jarraitzeko”, nabarmendu du David Candelario PPAko zuzendariak.
