Laurak Bat eta udala, udal egutegiko azalaren bila
Laurak Batek eta udalak argazki lehiaketa bat ondu dute 2026ko egutegiko azala aukeratzeko. Parte hartzeko epea zabalik dago.
Laurak Bat Merkataritza, Ostalaritza eta Zerbitzuen Elkarteak eta Pasaiako Udalak martxan dute lankidetzan ondu duten argazki lehiaketa. Parte hartzeko epea zabalik dago, eta irudi irabazlea 2026ko udal egutegiaren azala izango da. Argazki lehiaketa Laurak Batek eta udalak sinatutako hitzarmenean jasotako jardueren parte da, eta tokiko merkataritzari, ostalaritzari eta zerbitzuei balioa emateko asmoarekin sortu zen.
Aurtengo lehiaketarako aukeratu duten gaia Pasaiako lau barrutietako eta bertako biztanleen eguneroko bizitza da. Argazkiek eguneroko jarduera eta merkataritzak, ostalaritzak eta zerbitzuek Pasaiako bizitzan betetzen duten zeregina islatu beharko dute. Sustatzaileek adierazi dute lau barrutietako eta bertako ehunetako benetako eszenak, egunerokoak eta adierazgarriak erakusten dituzten irudiak jaso nahi dituztela. “Bereziki baloratuko dira irudi inklusiboak, herri osoa islatzen dutenak”, esan dute.
Lehiaketak ez du adin mugarik eta herritar guztiek har dezakete parte, doan. Argazkiak bidaltzeko epea zabalik dago jada, eta urriaren 3a da irudiak bidaltzeko azken eguna. Epaimahaiaren erabakia urriaren 10ean ezagutaraziko da.
Argazkiak posta elektronikoz bidal daitezkeela jakinarazi dute antolatzaileek, datu pertsonalak eta harremanetarako telefonoa jarriz. Aurrez aurre ere entrega daitezke irudiak Antxoko Mapfreko bulegoan (Zumalakarregi kalea 12, Antxo). Sustatzaileek nabarmendu dute garrantzitsua dela argazki bakoitzak izenburua izatea, eta, ahal bada, deskribapen labur batekin eta hartualdiaren datarekin.
Antolatzaileek ere hainbat betekizun tekniko helarazi dituzte, honakoak:
- Argazkiak horizontalean bidali behar dira, eta koloretan edo zuri-beltzean.
- Bidaltzeko gutxieneko bereizmena: 300 p/p.
- Irabazlea izanez gero, gutxienez 3600 x 2450 pixeleko irudi bat eskatuko da.
- Argazkiak ezin dira aurretik argitaratuak edo sarituak izan.
- Pertsonaren bat ezagutzeko moduan agertzen bada, haren baimena beharko da.
Sariak
2026ko udal egutegiaren azala izateaz gain, argazki irabazleak 500 euroko saria jasoko du erosketa txarteletan. Txartel hori Laurak Bati lotutako edozein establezimendutan erabili ahal izango da. Epaimahaia Laurak Bateko eta udaleko ordezkariek osatuko dute, eta gaia hobekien irudikatzen duen argazkia hautatuko dute. Azaleko irudia aukeratzeaz gain, gainontzekoak Laurak Baten eta udalaren argazki artxiboan sartu ahal izango direla adierazi dute sustatzaileek, eta etorkizuneko ekintzetan erabili, betiere egilea nor den aipatuz.
