70 ekitalditik gora santakrutzetan
Jai batzordeak antolatutako ekitaldiak asko direnez, aurten bi asteburutara zabalduko dira Lezoko santakrutzak.
Ainhoa Salaberria Kultura teknikaria, Jon Legorburu Kultura zinegotzia, Mikel Arruti alkatea eta Eneritz Arruti Berdintasun zinegotzia, gaurko aurkezpenean. 2025eko Santakrutz Jaiak , daten banaketari dagokionez behintzat, ezohikoak izango dira. Iraileko festa aroko egunak ez dira jarraian izango; bi asteburutara banatu dituzte txupinazoaren ondorengo ekitaldi guztiak, horien tarteko egunetan ere ekitaldiak izango direlarik. Hala, festen bi asteburu ofizialak hilaren 13-14, eta 19-20-21 izango dira. Aurretik, baina, badira ekitaldiak batez ere Piztu Lezoren ekimenez antolatutakoak. Santakrutzen gaurko aurkezpenean azaldu du Mikel Arruti alkateak zergatik doitu dituzten datak bi asteburutara: “Bereziak izango dira santarutzak. Jai batzordeak, antolatu dituen ekitaldi guztiek bere txokoa izan dezaten, erabaki du bi asteburutara zabaltzea 2025eko santakrutzak. Festa luzeak izango ditugu, beraz”. Beraz, jai batzordean parte hartzen duten elkarte eta eragileak zoriondu ditu alkateak, baita esker mezua zabaldu ere egiten duten lanagatik “hauek dira santakrutzen motorra. Haiek ematen diete festei herri nortasuna”. 70 ekitalditik gorakoa da iraileko festen ekitaldien zerrenda (beheko koadro urdinean xehetasunak).
Festetako ekitaldirik gehienak bi asteburu horietan izango badira ere, tarteko astegunetan ere izango dira jarduerak.
Askotariko gustu, kolore eta trazatako ekintza asko. “Programazio aberatsa izango dute santakrutzek”, ebatzi du alkateak. Baina jai batzordeak egindako guztiak zentzua izan dezan, alkateak nabarmendu du festetan ere Elkar zaintzen duen herria udal leloa indarrean izan behar dela. “Guztientzako jaiak dira. Hala, guztientzako espazio seguruak izan behar dute, festetan ere, herriko kale eta plazek. Ardura hori denena da. Herritar guztiak animatu nahi ditut kalera ateratzera, parte hartzera, eta lezoartasuna eta kolektiboan eta komunitatean indartzera”.
Santakrutzen aurkezpen agerraldian hitz.lagun izan ditu Arrutik Jon Legorburu Kultura zinegotzia, nahiz Eneritz Arruti Berdintasun zinegotzia. Legorburuk berretsi du jai batzordearen lana ezinbestekoa dela festek duten ekitaldi sorta handia izan dezaten. Egitarauaren aniztasunean sakondu du, “denetik” izango dela iragarri baitu.
Berritasun batean ezarri du azpimarra, ordea. Izan ere, Arraitokin jartzen dituzten barraken prezioan beheraldia izango da: bidaia baten tiketak 2,50 euroko prezioa izango du, eta bosteko bonuak 10ekoa. “Irailaren 18an Haurren Eguna izango da. Egun horretan tiketen salneurria 1,50 eurokoa izango da”, zehaztu du Legorburuk. Gainera, barraken musikaren %80 euskarazkoa izango dela ziurtatu du, eta festa egunetako 17:00etatik 18:00etara ez dutela musikarik jarriko.
Santakrutzak, guztientzat
Eneritz Arrutik santakrutzak denentzat seguruak izan behar direla adierazi du. “Badakigu azken aldian gorrotoz betetako diskurtsoak ozen dabiltzala, eta gizartean indarkeria sistematikoa betikotzen duen narratiba ere hor dagoela. Horren aurrean espazio seguruak, erasorik gabeko guneak eta erasoen aurrean erantzutea gure eta denon ardura da. Errespetu faltak, irainak eta horrelakoak normalizatzen ari dira. Horregatik, babes kolektiborako neurriak ezarriko ditu udalak santakrutzetan”.
Arrutik zehaztu du hilaren 13, 14 eta 20ko gauetan arreta eta salaketa telefonoa prest izanen dela: 688 69 62 04. Gau horietako 00:00etatik 06:00etara izango da indarrean. Erasorik jasan edo ikusi duenak hara dei dezake.
Gainera, mugimendu feministarekin adostutako protokoloa ere indarrean jarriko dute festetan, eta horren gaineko informazioa herriko postontzi guztietara bidaliko dela jakinarazi du. “Bost irizpide jasotzen ditu protokolo horrek: prebentzioa, biktimen babesa, laguntza, elkartasuna eta erantzuna”; informazio eskuorri horretan izango dituzte eskura xehetasun denak lezoarrek. “Lezon ez da inolako eraso matxistarik onartuko. Denon erantzukizuna da horri aurre egitea. Festetan kaleak eta plazak denentzat dira, jaiak errespetuz eta elkartasunez gozatzeko guneak diren heinean.
Palestinaren alde
Hilaren 13an, santakrutzen egitarauaren barruan, Palestinako herria babesteko eta Israelen genozidioa arbuiatzeko manifestazioa egingo da herrian. Herriko 50 elkarte eta eragilek adierazi diote jada babesa 18:00etan plazatik hasiko den mobilizazioari. Arruti alkateak adierazi du festak gozamenerako eremu direla, baina baita aldarrikapenerako ere. “Udal gobernu taldeak bat egiten du deialdi horrekin. Lezoar guztiei bertan parte har dezaten eskatzen diegu, eta palestinar ikurrak erabili ditzatela”.

2025eko santakrutzak. Lehen egunetako egitaraua.
Hilak 5, ostirala
- 16:30. Piztu Lezoren herri olinpiadak Karlos Saldise plazan.
Hilak 6, larunbata. Piztu Lezoren Gazte Eguna.
- 12:00. Lau Katu txaranga Karlos Saldisetik.
- 14:30. Gazte bazkaria Karlos Saldisen.
- 17:00. Tiki ta Riki Zuzunba Karlos Saldisen.
- 18:00. Sakatu elektrotxaranga Karlos Saldisetik.
- 21:00. Bide Batez taldearekin erromeria Karlos Saldisen.
- 00:30. DJ Potzons Karlos Saldisen
Hilak 7, igandea
- 17:00. Piztu Lezoren mus txapelketa Karlos Saldisen.
Hilak 12, ostirala
- 21:30. Piztu Lezoren afari autogestionatua Karlos Saldisen.
- 22:30. Playback lehiaketa Karlos Saldisen.
Hilak 13, larunbata
- 09:00. Plater tiraketa Arkalen, lezoarrentzat.
- 12:00. Gurutze Santuaren plazan, XIV. Muxiko Eguna Alaken taldearekin.
- 16:30. Truk txapelketa Tiñelun (izen ematea 16:00etatik)
- 18:00. Palestinako herriarekin elkartasunez manifestazioa, Gurutze Santuaren plazan hasita.
- 19:00. Udaletxetik, alkate txikien pregoia eta txupinazoa. Jarraian, Murixkakoen Agurra. Ondoren, Tomas Garbizuko Bandak eta Munttarreko txistulariek Lezoko herria ereserkia joko dute, eta segidan, erraldoi eta buruhandien kalejira hasiko da.
- 19:30. Gurutze Santuaren Bezperak elizan.
- 22:45. Allerru, Altzate, Ixkulin eta Tiñelu elkarteen danborradak abiatuko dira.
- 23:45. Danborradak Gurutze Santuaren plazan batuko dira.
- 01:30. DJ Enabil Karlos Saldisen.
Hilak 14, igandea, Santakrutz Eguna.
- 10:00. Diana Munttarreko txistulariekin.
- 11:00. Meza Nagusia San Juan Bataiatzailearen elizan.
- 12:00. Herri kirolak Gurutze Santuaren plazan.
- 12:00. Erraldoi eta buruhandiak.
- 12:30. Sisti&Pika DJekin kalejira i-14 Eguna hasteko.
- 13:30. I-14 Egunaren topaketa, txupinazoa eta bertsoa Gurutze Santuaren plazan.
- 14:00. Jubilatuen bazkaria.
- 14:30. I-14ko herri bazkaria Lezo Herri Eskolako jolastokian. 17:00etan, Andoni Ollokiegiren musika emanaldia.
- 16:30. Goiko Plazan, haurrentzako puzgarriak.
- 17:30. Josetxo Etxandi Oroitaldiko federatuen finalak Koldobike Gezala pilotalekuan.
- 18:00. Erraldoi eta buruhandiak Bekoerrotatik.
- 18:30. Lezo Herri Eskolatik, Jaixkipe txarangarekin kalejira.
- 20:30. Karlos Saldisen, Muxutruk taldearekin erromeria.
- 22:00. Zezensuzkoa Gurutze Santuaren plazan.
- 00:00. Karlos Saldisen, DJ Herra.
