Marea beltzak hitzordua du gaur berriro
Kontxako lehia urruti badute ere, hitzordu garrantzitsu horretan parte hartzeko, eta gozatzeko aukera izango du Hibaikako gizonen traineruak.
Hibaikako gizonen trainerua, entrenamendu batean.Dani Novas Kontxako banderan zein ontzi lehiatuko diren erabakitzeko sailkapen estropada izango dute gaur gizonek. Bertan izango da Hibaikaren Madalen ontzia. Iaz ez zuten sailkapen estropada horretan parte hartzeko aukerarik izan, Gazte Mailako arraunlariak zituztelako tostetan, eta ez dute horiek gizonen kategorian Kontxako sailkapen estropadan parte hartzerik. Arraunlari kupoa betetzerik ez zutenez seniorrekin, sailkapen estropadatik kanpo gelditu zen Hibaikaren gizonen taldea. Aurten aukera izango dute Kontxako lehia urruti badute ere, hitzordu garrantzitsu horretan parte hartzeko, eta gozatzeko.
Haiei babesa erakutsi eta animatzeko deialdia zabaldu du Hibaika Arraun Elkarteak sare sozialen bidez eta hitzordua jarri, atzo egin bezala. Marea Beltza Donostiako Portaletasen elkartuko da gaur, osteguna, 16:45ean. Hibaika txaranga ere bertan izango da girotzen. Banderak, kamisetak eta zapiak eramateko deia luzatu du elkarteak gizonen eskifaia animatzeko.
