Musika eta Dantza Eskolako matrikulazioak, zabalik
Hilaren 18an hasiko du ikasturtea Juanje Neira eskolak, eta irekita daude oraindik ikasle berriei begirako izen emateak.
Juanje Neira Pasaiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolak hilaren 18an hasiko du 2025-2026 ikasturtea, ikasgelak musikaz, dantzaz eta hezkuntza proposamen berriez beteta. Ikasle berrientzako matrikulazio epea zabalik dago oraindik, eta interesa duten pertsona guztiei kultur proiektu inklusibo, anitz eta mugarik gabeko horretan parte hartzeko gonbidapena egin die eskolak. Izen emateak online egin beharko dira lehentasunez, Pasaia Musikalen webgunean.
Eskolaren hezkuntza eskaintza 3 urtetik aurrerako pertsonei begirakoa da, aldez aurreko baldintzarik eta adin mugarik gabe. Honakoak sartzen dira eskolaren programaren barruan:
- Musika klasikoko eta modernoko instrumentu eta ahots espezialitateak.
- Taldeko irakasgaiak eta teoriko praktikoak: musika hizkuntza, harmonia, konboak, eta instrumentu eta ahots taldeak.
- Euskal dantzako klaseak adin eta maila ezberdinetarako, herri kulturaren transmisioa bultzatuz.
Horrez gain, aurtengo ikasturterako bi berritasun sartu dituzte antolatzaileek:
- Musika hezkuntza goiztiarra (3 urte): Musikarekiko hurbilketa ludikoa jolasaren, mugimenduaren eta interakzioaren bidez.
- Musika ekitaldiak soinuztatzeko eta grabatzeko ikastaroa: zuzeneko soinuaren. mikrofoniaren eta grabazioaren oinarrizko prestakuntza teknikoa.
