San Juan, Kontxan!
2017tik ez zela sailkatzen San Juan Kontxako Banderarako. Gozatu handia hartu dute arraunlariek zein zale arrosek.
San Juamgo arraunlariak, gaur Kontxan, ospakizun betean. Lortu dute. Erreka 2025eko Kontxako Banderan izango da datozen bi igandeetan. 2017tik ez zuela parte hartzen munduko traineru estropadarik garrantzitsuenean San Juanek. Aurten hor dira, onenekin. Eusko Labeleko azken jardunaldietan izan dituzten zalantzak zeharo uxatu dituzte arrosek, eta gozatua eman diete zaleei, eta bide batez, haien buruari ere. Proiektu berri eta gazte batekin ari da San Juanen gizonen trainerua; ligan dezenteko maila eman dute, eta Kontxan sartu dira. Bikain. Gaurko sailkapen estropadan seigarren izan dira Joseba Fernandezen aginduetara, lehorrean eta traineruan, diren arraunlariak.
Oarsoaldeko beste bi ordezkariak gaurko gizonen Kontxako sailkapen estropadan Hibaika eta San Pedro izan dira. Egunaz, Kontxaz gozatu dute Madalen nahiz Libia ontzietan izan diren gazteek. Bi traineru horiek oporretan eta 2026an pentsatzen hasiak ziren gaurko eguna baino lehen.
Bidearen erdian jada, balizan, Kontxa usaina zuen Erreka-k, bosgarren izan direlako han. Bi metrotik gorako olatuen artean ondo joan dira itsasorantz, eta estropadaren lehen erdian Kontxa barruan izateak konfiantza eman die arrosei. Bueltakoan segundoren bat olatu artean utzi dute, baina sendotasunez aurre egin diete poparean helmugako bidean ziren olatuei, eta kronometroa 21.29an gelditzean bazekiten, nahiz eta bigarren atera direlako (helmugara lehen iritsi dira, Cabo pasatu dute) erreferentzia garbirik ez izan. Traineruak bata bestearen atzetik sartzen ikusi dituzte arrosek hondartza ondotik; bostek bakarrik gainditu dute sanjuandarren denbora. Kontxa!
Datozen bi igandeetan oilar handien ondoan izango dira arrosak. Beldurrik ez dute. Dena ematera baino gehiago aterako dira Donostiako badiara. Erreka-ko arraunlarien ehuneko handi-handi bat ez da inoiz ere Kontxan lehiatu. Ohorez ariko dira herria ordezkatzen. Herriak merezi duelako, 2017tik Kontxan ikusi eta animatu ez zituen herria. A zer festa gaurkoa Donostiako portuko arrapalan marea arrosak izan duena!
Jarraian, gaurko sailkapen estropadaren laburpena, zerrendan. Beherago, Aquariumeko arrapalan bizi izan den giroa San Juanen ontzia lehorreratzerakoan (sanjuandarrek HITZAra bidalitako bideoa da).
1. Bermeo 21.01
2. Orio 21.11
3. Zierbena 21.14
4. Hondarribia 21.22
5. Getaria 21.23
6. San Juan. 21.29
7. Lekeitio. 21.29
8. Ondarroa 21.42
18. San Pedro 22.51
21. Hibaika 24.49
