Euskara eskura, ate denak zabaltzeko
Eskaintza zabala ondu dute berriro Errenteria-Oreretako euskaltegiek euskarara gerturatu nahi duen ororentzat.
Euskaltegietako matrikula kanpaina aurkeztu dute. Euskara esku-eskura jarriko diete, beste urte batez, Errenteria-Oreretako euskaltegiek euskarara gerturatu nahi duten herritarrei. aukera zabala, askotarikoa eta irisgarria izango dela jakinarazi dute gaur Koldo Mitxelenaren omenezko eskulturaren itzalera bilduta Leire Mazizior Hizkuntza Politiketako zinegotziak, eta Udal Euskaltegiko zein Xenpelar AEKko ordezkariek egindako agerraldian.
Erdi-erdian jarri du Maziziorrek euskara, eta kohesiorako ezinbesteko tresnatzat jo, “hori horrela, eskura izan behar du herritar orok”. Euskara ikastea ez dela azterketa bat gainditzea ere esan du zinegotziak, hortik harago doan ariketa dela azaltzeko, ” euskara ezagutzeak tokiko telebista eta prentsa ulertzea dakar, seme-alabei beren lanekin laguntzeko aukera ematen dizu, lanerako sarbidean lagungarria da, eta komunitatea ehuntzea ahalbidetzen du”.
Hori bermatzeko aurten ere hobari eta diru laguntza eskaintza zabala izango dela azaldu du Maziziorrek. Hala, langabetuek edo lanbide arteko gutxieneko soldata baino gutxiago irabazten dutenek doan izango dute matrikula bi esukaltegietan; baita A1 eta A” mailako ikastaroetan izena ematen dutenek, edota matrikula egiteko unean 16 eta 18 urte arte dituztenek ere. Eskoletan ezarritako asistentzia betez gero, %80ko hobaria aplikatuko zaio ikasle orori.
Ikastaro aukera zabala mantendu dute bi euskaltegiek ikasturte berriari begira: “A1, A2, B1, B2, C1 eta C2 mailako tituluak lortzeko taldeak izango dira eta astean 20, 15, 10 edo 5 orduko ikastaroak. Eskolak, goizean, eguerdian eta arratsaldean izango dira, eta autoikasketa—online ikasteko aukera—, eta trebetasunak landu eta erabilera bultzatzeko taldeak ere sortuko dira”.
Izena emateko epea zabalik da jada, hilaren 24ra arte udal euskaltegian, eta hilaren 30era arte Xenpelar AEKn.
Ongi etorri kanpaina
Bestalde, Oarsoaldeko Euskara Batzordeak Ongi etorri kanpaina abian jarri duela jakinarazi dute gaurko agerraldira bildutakoek.
Iniziatiba horren helburua Errenteria-Oreretara etorri berriei euskararen komunitatearen partaide izateko aukera ematea dela adierazi du Maziziorrek, “horrexegatik jatorrizko herritik Euskal Herrira bizitzera etorri direnek parte hartzeko aukera dute. Gure hizkuntza, kultura eta ohiturak partekatzeko ezinbestekoa da jatorri, errealitate eta adin guztietako partaidez osatutako benetako komunitatea egiteko”.
Esan bezala, hilaren 24a izango da Udal Euskaltegian izena emateko azken eguna, eta 09:00etatik 18:30era izango da zabalik bulegoa—Mikel Zabaleta 14—; 943 44 96 80 edo 647 68 09 27 telefono zenbakietara deitu daiteke, halaber, edo posta elektronikora idatzi (klik hemen).
Xenpelar AEK Euskaltegiak —Nafarroa etorbidea, 67— hilaren 30a izango du izena emateko azken eguna eta bulegoa 09:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara izango da zabalik, ostiral arratsaldeetan izan ezik. 943 34 02 33 telefono zenbakira deitu daiteke, halaber, edo posta elektronikora idatzi (klik hemen).
Matrikulazio epea bukatu ostean izena emateko aukera izango dela jakinarazi du Maziziorrek bukatzeko, “urte osoan zehar izango da aukera euskarara gerturatu nahi dutenak hartzeko”.
