Alazne Korta eta Aitor Zorzanok zinegotzi ardura utziko dute
Naroa Zabalak eta Idoia Pikabeak hartuko dute Korta eta Zorzanoren lekukoa.
Aizpea Otaegi alkatea, Naroa Zabala, Alazne Korta, Idoia Pikabea eta Aitor Zorzano.EH Bildu EH Bilduko zinegotzi Alazne Korta Zulaikak eta Aitor Zorzano Morrondok ardura utziko dute. Hala jakinarazi du koalizio subiranistak prentsa ohar bidez, eta zehaztu datozen egunetan aldaketak izango direla udal taldean. aldaketa horien protagonistei eskerrik beroenak eman dizkie EH Bilduk.
Naroa Zabala Ciak eta Idoia Pikabea Almandozek hartuko dute Korta eta Zorzanoren lekukoa aurrerantzean. Eskerrak eman dizkie koalizioak Korta eta Zorzanori, baita Zabala eta Pikabeari ere, “guztiek erakutsitako konpromiso eta kemenagatik. Badakigu Alaznek (korta) eta Aitorrek (Zorzano) udalgintzaren esparrua utziko badute ere, gure herriaren aldeko jardunean konprometituta jarraituko dutela. Gure herriaren askatasunaren aldeko konpromisoak mugitzen gaituelako”.
Erreleboen bidez, taldeak indarberrituta egingo diola aurre agintaldiaren bigarren erdiari gaineratu du EH Bilduk, “Orereta/Errenteria eraldatzen ari garen bide eder honetan, are gehiago aurrera egiteko”.
Lanbidez, irakaslea, 2011-2015 agintaldian heldu zen Julen Mendoza alkatearen lan taldean Korta Errenteriako Udalera zinegotzi. Agintaldi osoa egin, eta berriro itzuli zen 2019-2023an zinegotzi gisa Aizpea Otaegiren talde barruan, eta 2023-2027 agintaldiaren erdia eginda utziko du zinegotzi ardura. Idazkaritza Orokorreko, Kontratazio eta Ondareko, Giza Baliabideetako Zinegotzi aritu da errenteriarra.
Zorzano berriz, azken agintaldian heldu da udalera zinegotzi, 2023-2027 agintaldian eta haren erdia eginda utziko ditu ardurak. Irakasle eta musikaria da Zorzano.
Gazteriako zinegotzi eta Errenteria Musikal Erakunde Autonomoko Lehendakaria izan da udalean.
