Albaola, mundura begira
Frantzian izan dira jada, eta hilabete bukaera bitartean Islandian eta Mexikon ere izango dira.
Albaolak uda bukaera bizia izango du, nazioarteko hiru hitzordu esanguratsu baititu jomugan. Hilaren 6an eta 7an ohorezko gonbidatu gisa aritu zen Frantziako Fête du Fleuve jaialdian. Orain, Islandiako Baskasteur Euskal Zentroaren inaugurazioan izango dira, eta Xabier Agote zuzendariak UNESCOk eta INAHek Mexikon antolatutako Urpeko Kultur Ondareari buruzko Nazioarteko Bilera batean hartuko du parte. Topaketa horiekin bere proiekzio globala sendotuko duela adierazi du Albaolak, “itsas ondarearen kudeaketan erreferente gisa duen papera indartuz”.
Frantziako topaketa Saubusse herrian izan zen, eta Agotek Albaolaren proiektua aurkeztu eta Pasaia Itsas Festibalaren laugarren ekitaldia iragarri zuen. 2026ko maiatzaren 14tik 17ra bitartean izango da zita hori. Horrez gain, bertaratu zirenek soka makina martxan ikusteko aukera izan zuten. Soka makina hori Albaolak eta Angeluko elkarte batek sortu dute elkarlanean. Erreplika hori Hondarribian XIX. mendean izandako azken soka makinan dago oinarrituta. Makina horrekin itsas ontzigintzan funtsezkoa den lanbide horri ikusgarritasuna eman diote.
Jaialdiak Ternuan euskaldunek izan zuten presentzia historikoaren inguruko erakusketa bat ere izan zuen. AdourA elkarte antolatzailearekin ere harremanak estutu ahal izan dituela baietsi du Albaolak.
Islandian Baskasteur Euskal Zentroa inauguratuko dute. Albaolak jakinarazi du zentro hori mugarri izango dela iragan partekatuaren ikerketan eta zabalkundean. Gune horrek arreta jarriko du duela lau mende baino gehiago itsaso horietan aritu ziren Islandiako euskal baleazaleen memorian.
Inaugurazio ekitaldian kontzertuak, hitzaldiak, bisita gidatuak edita dibulgazio jarduerak egingo dituzte. Islandiako Liburutegi Nazional eta Unibertsitarioa proiektuaren aurkezpen ofiziala ere egingo da. Bertan, Agotek hitzaldi bat eskainiko du Islandia eta Euskal Herriaren arteko historia komuna azaltzeko.
Albaolak nabarmendu du Islandiako zentroaren irekiera inflexio puntu bat izango dela Islandiaren eta Euskal Herriaren arteko lotura historikoaren aitortzan. Zentro horren bidez, Albaolak eta beste elkarte batzuek ikerketa historikoa, ezagutzaren transmisioa eta itsas ondare partekatuaren balioespena bultzatuko dituzte, topaketa kulturala eta memoria bizia uztartuko dituen gune berezi bat sortuz.
Azkenik, iraila bukaeran Albaola Mexikon egingo den Urpeko Kultur Ondareari buruzko Nazioarteko Bileran izango da. Mundu osoko hamar herrialdetik gorako aditu eta ordezkariak bilduko dira Mexikon. Bertan urpeko ondarearen babesa bultzatzeko estrategia globalak diseinatu eta mehatxu guztiak landuko dituzte: espoliazioa, ondasun kulturalaren trafiko ilegala eta klima aldaketaren eragina.
Topaketa horretan San Juan baleontziaren erreplika garapen sozioekonomikorako faktore gisa izeneko hitzaldia emango du Agotek. Albaolako zuzendariak San Juan baleontziaren ikerketa eta berreraikuntza prozesua azalduko du.
