Iztieta-Ondartxoko ontzientzako pabiloia, prest
Pabiloiaren lanak amaituta Iztieta- Ondartxoko hiltegi zaharraren eremua eraberritzeko bidean "mugarri garrantzitsua" ezarri dela gaurkoan esan du Otaegik.
Eneko del Amo, Juan Morillo, Aizpea Otaegi, Jon Otegi eta Dani Novas. Ontziak gordetzeko pabiloi berria erabilgarri du Hibaikak. Horren berri emateko agerraldia egin dute gaur goizean aipzea Otaegi alkateak, Eneko del Amo Hirigintza zinegotziak, eta Jon Otegi Hibaikaren lehendakariak eta arraun elkarteko zuzendaritzako kide Juan Morillok eta Dani Novasek. Ontziak eta bestelako materiala gordetzearekin batera, arraun elkartearen eguneroko jarduna errazteko diseinatua dagoela eraikina azaldu du alkateak, “besteak beste, ontzien garraioa bera orain baino arinago egin dezaten”.
Pabiloiaren lanak amaituta Iztieta- Ondartxoko hiltegi zaharraren eremua eraberritzeko bidean “mugarri garrantzitsua” ezarri dela gaurkoan gaineratu du Otaegik, harago, auzoaren beraren biziberritzeari erantzuten diola jarduerak gogorarazi du.
Pantalanarekin ere lotu du pabiloi berria; 2020ko otsailean estreinatu zuten eremu horretan egindako pantalan berria. Pabiloi berriarekin, zein udazkenean lizitaziora ateratzea aurreikusi duten hiltegiaren eraberritzearekin Hibaika Arraun Elkartearen jarduna eta baldintzak hobetzen direla zehaztu du. “birgaitzea nola egin adostea eta ongi pentsatzea dagokigu orain arraun jardunarekin ahalik eta bateragarriena izan dadin. Urte eta erdian beste agertoki batean egon gaitezke eta hori da asmoa”.
Eraikina egurrezkoa da, erabilgarri izateaz gain, inguruari ere ekarpena egitea bilatu dutela zehaztu du udal agintariak. Jarduerarekin lagungarri diren ezaugarri teknikoak ere aipatu ditu Otaegik, horien artean, aireztapena naturala. 284 metro koadro ditu eraikinak eta 494.700 euro bideratu ditu udalak lanetara. Bere kokapenarengatik, Oiartzun ibaian ur kirolak egiteko lagungarri izango dela ere aipatu du, “Oiartzun ibaia biziberritzeko eta herritarren gozamenerako berreskuratzeko estrategiari ekarpen garrantzitsua egingo dio, beraz, proiektu honek”.
Hiltegiko eraikinaren birgaitzea ere hizpide izan du Otaegik gaurko agerraldian, eta haren esanetan, gaur egun bertan egiten diren jarduerak hobetzeko aukera eskainiko du: “Eguneratze fasean dago, eta obren lizitazioa udazkenean hastea aurreikusten da”. Hiltegiaren birgaitzea Ondartxoko ingurua hobetzeko eta biziberritzeko beste jarduera garrantzitsua bat izango da alkatearen hitzetan, 2023-2027 agintaldi planean jasota dagoena.
Hiltegi eraberritua martxan jartzearekin batera, aurreikusita dago eraikinean Hibaikak udal ekipamendu horretan egiten dituen jarduerez gain, uretako herri kiroletako gune bat egokitzea, baita espazio komunitario bat ere.
Eskerrak eman ditu Jon Otegi Hibaikaren presidenteak, “hau da bigarren urratsa genituen baldintza eta baliabideak hobetzeko elkarte inguruan; pantalana jarri zen 2020an, horrek asko lagundu zigun heldu zein harrobiko arraunlariekin. Orain biltegi berriarekin irisgarritasuna pantalanera hobetu da eta hiltegia berritzea onuragarria izango da elkartearentzat eta gure jardunarentzat. Bagoaz”.
Lanek klubaren jardunean izango duten eraginaz galdetuta, lanak faseka egingo dituztela ziurrenik eta udalarekin hitz egiten ari direla entrenamenduak eta eraberritze lanak bateragarri egiteko azaldu du Otegik, “horretan ari gara, hori da ideia”. Eragina ahalik eta txikiena izan dadin antolatzen ari direla esan du bere aldetik ere del Amok eta bide horretatik mintzatu da alkatea, “helburua hiltegia birgaitzea da baina baita ere, Hibaikari ahalik eta eragozpen gutxien eragitea bere arrakastazko bide garrantzitsu horretan”.
- Ondartxoko pabiloi berria.


