Lezoarren ahotsa mundura zabalduko da festetan
Bihar (larunbata) hasiko dira santakrutzak, 19:00etako txupinazoarekin. Aurretik, ordea, lezoarren elkartasun erakustaldia izango da, Palestinaren aldeko mobilizazioarekin.
Hilaren 5erako Gernika-Palestinak deitutako burrunbaren irudia. Egun seinalatuak datozenak Lezon. Bihar (larunbata) hasiko dira ofizialki Santakrutz Festak 19:00etako txupinazoarekin. Festa giroko hurrengo hitzordu jendetsua herriko elkarteen danborradena (22:45) izango da, etziko (igandea) i-14 egun handiaren atariko. Festak hasi aurretik, ordea, jaietan ere elkartasunak eta bidegabekerien salaketak tokia dutela azalduko dute: biharko 18:00etan Lezo Palestinarekin, genozioa stop! izenburupeko mobilizazioa hasiko da Gurutze Santuaren plazatik. Jendetsua izatea espero da, herriko 50 eragiletik gora ados azaldu direlako deialdiarekin, haiek denek sinatu dute mobilizazioa deitzeko testua; alta, jai guztietan gaia presente izan dadila ere nahi dute deitzaileek. Sinatzaileen zerrenda ondoko orrialdean dago. Hilaren 21era arte iraungo dute 2025eko santakrutzek. Ekitaldi guztien zerrendak HITZAren agendaren atalean ikus daitezke.
Palestinako genozidioaren kontrako ahotsa mundura zabalduko du Lezok. Hurbilean eta urrunean izaten ari diren elkartasun eta salaketa adierazpideetatik beste bat izango da herrikoa. Tanta bat gehiago. «Horrelako mobilizazio bat antolatzeko asmoarekin denbora bat bageneraman. Palestinan gaur egun gertatzen ari denaren aurrean, nola ospatu behar ditugu jaiak besterik gabe? Egia da bizitza aurrera doala. Ezin dugu gelditu. Dantza egingo dugu festetan, parranda… Baina hain da larria Palestinan gertatzen ari dena!». Hitzok Iñigo Esnaolarenak dira, Lezoko Sortuko kidea.
Hura izan zen festei begirako mobilizazioaren lehen hariak mugitzen hasi zena: «Erakunde eta eragile askok esan edo hitz egin bai, baina zer gutxi egiten dute. Praktikan herritarrok zerbait esan behar genuela uste dut. Horri tiraka hasi zen dena. Herritarrok ezin dugu geldirik eta isilik egon».
Mobilizazioa jai batzordetik bideratu nahi izan zuen Esnaolak. Baina batzordeak ez du bilkurarik egin aspalditik, jada zeharo itxiak zituelako santakrutzen gainekoak uztailerako. «Hortaz, egoera gehiegi behartu gabe herriko eragile batzuk elkartu ginen hau abiatzeko, bilera irekian. Idatzi bat adostu genuen, eta festetan zer eta noiz egin hitzartu genuen, herriko beste eragileei atxikimendua eskatzeko. Bi-hiru aste dira horretatik. Eragileen zerrenda egin, eta lanak banatu genituen. Hamar egunean ia eragile denek baiezkoarekin erantzun digute».
Herri lana, eta erantzuna
Herri oso bat, elkartasunez betea. Agian, Lezoko eragileen partetik inoizko atxikimendurik handiena izan duen mobilizazioa izango da biharkoa. Geopolitikaz, munduko oreka politikoetaz, erlijio eta sinismen gaietaz, edo ulergaitzak diren interes ekonomiko globaletaz ez da ulertu beharrik Palestinan Israel pertsonen garbiketa bat egiten ari dela ikusteko. Genozidioa. Azalpen gutxi behar izan dituzte lezoarrek festetan ere hori salatu behar dela erabakitzeko. Biharko mezua Palestinako herriaren aldekoa izango da, baita Israelgo Estatua egiten ari den sarraskiaren kontrakoa ere; baina baita munduko erakunde handiei eragiteko eskatzekoa ere, haiek baitute ziurrenik Israeli presioa egiteko baliabide edo indar gehien.
Biharkoaren lanketaren harira, beste gogoeta bat egin du Esnaolak. «Badago herria. Badago elkartasuna, lana, eta inplikatzeko nahi bat. Palestinaren alde oraingoan. Baina hemen badugu zerbait. Gazte asko inplikatu dira, adibidez, honen guztiaren herri lanketan. Aurrera begira ere oso kontuan hartzekoa da hori»
Mobilizazioarekin bat egin duten eragileen zerrenda
Aiton Borda, Allerru, Allerruko danborrada, Altamirako AE, Amezti Dantza Taldea, Arkirun, Betizutik, Errota guraso elkartea, Etxetxo, Lezoko EH Bildu, Lezoko EAJ, Gaintxu, Gainxurizketako AE, Gaxuxa, Hezikuntza guraso elkartea, Ikama, Iratzerri, Iruntzen, Ixkulin, Jaixki AF, Jaizkibel-Allerru Ehiza eta Arrantza Elkartea, Lezo-Jaizkibel mendi lasterketa, Lezoarrak Korrikalari Taldea, Lezdi, Lezoko baserritarrak, Desfile Taldea, Lezoko Caritas, Dantzazaleak, Eztandak, Trapujale Taldea, Zinema Ttikia, Lezokoak elkartea, Lezo Institutuko langileak, Mañontzi Bertso Eskola, Munttar Txistulari Taldea, Munttarpe, Murixka, OMK, Oroitzene AEK, Orratx!, Ernai, Piztu Lezo, Lezoko Sare, Sats Herri Kirol Taldea, Lezoko Sortu, Tiñelu, Txerrimuño, Txirbilla, Xoxolur, Zabarre Taldea, Zubitxo Dantza Elkartea, Lezo Herri Eskola.
