Helburuak beteta, gehiago nahi dute
Kontxa irabaztea urruti badute ere, elitean konplexurik gabe aritzeko gaitasun betea dutela erakutsi dute Oarso Bidasoko traineruek. Helburuak beteta, urrats bat gehiago egin nahi dute etzi. Horretara doaz.
Hondarribia eta Hibaikako emakumeen ontziak, Kontxako sailkapen estropada egunean.Julen Castrillon Estropadarik garrantzitsuenaren bigarren jardunaldia jokatuko dute etzi (igandea) Oarso eta Bidasoko lau ontzik: Hibaikak eta Hondarribiak, emakumeetan; eta Hondarribiak eta San Juanek gizonetan. Kontxako Banderaren bigarren jardunaldiko protagonista izango dira. Bandera urruti dute laurek, baina arraunaren gorenean aritzeko ahalmen betea erakutsi dute guztiek.
Sentsazio ona eta lanak ongi egin dituztela sinistuta dago Iñaki Mendizabal Hibaikako emakumeen entrenatzailea. Pozik dago Kontxaren lehen jardunaldian arraunlariek erakutsitakoarekin. «Haizeak eragin zigun. Hala ere, kristoren estropada egin genuen eta alde horretatik kontent nago». Itsasoa emanda dago bigarren jardunaldirako, eta horrek mesede egingo dien ustea du Mendizabalek: «Bi metroko olatua aurreikusia dago, gure txandan atera garen lau ontziak lau segundoko tartean gaude, eta itsasoarekin hori ez da diferentzia, dena irekia dago, beraz».
Errenteriarrak ahalik eta estropada onena egin eta txanda irabaztera joango direla azaldu du: «Kontxarako sailkapen estropadan erakutsi genuen itsasoan ondo ibili ginela olatuarekin; laugarren sailkatu ginen. Ea igandean itsasoa eta olatua dugun, eta postu batzuk aurreratzeko aukera dugun».
Hamahiru urte jarraian egin ditu Kontxan Hibaikak; esanguratsua da datua, emakumeen arraunaren gorenean kokatzen duelako taldea. Urte horietan guztietan maila ona eman duela jarri du nabarmen Mendizabalek. «Estatistikak dira, baina taldearentzat garrantzitsua da dinamika hori hainbeste urteetan zehar mantendu izana, denboraldi hobeagoa edo okerragoa egin, beti hor izan da Hibaika».
Arraun denboraldia helburu guztiak beteta itxiko dutela gaineratu du: «Euskotren Ligan jarraituko dugu datorren denboraldian. Kontxan sailkatzea genuen beste helburua, eta hori lortuta, bi jardunaldiez gozatzera goaz, emaitza ahalik eta hoberenak lortuta. Zazpigarren gaude, ea igandean postu batzuk irabazten ditugun».
Aurten txartela bai
Zortzigarren sailkatu ziren Hondarribiko emakumeak Kontxako banderaren lehen jardunaldian. Gogotsu hartu zuten Kontxan izateko aukera. Izan ere, Iker Cortesek entrenatzen duen eskifaia ETE Ligara jaitsi da, baina iaz arraunaren olinpiadarako lortu ez zuten txartela, aurten lortu dute. Pozik azaldu da Miren Garmendia patroia: «Aurten askoz ere balio handiagoa eman diogu Kontxan parte hartzeko txartela irabazi izanari. Mailaz jaitsi gara, baina azkenean Kontxarako sarbidea lortuta erakutsi nahi genuen maila badaukagula elitean aritzeko. Lehenengo igandean oso estropada ona egin genuen; pena zortzigarren postuan sailkatu ginela, baina oso estu joan zen eta azkenean bosgarren postu horretatik bost segundora gaude».
Igandera begira jarri da Garmendia. Sinistuta azaldu da lana ondo eginda Kontxaren bigarrenean aukerak izan badituztela posturen bat gora egiteko. Ezinbestekoa jo du horretarako itsasoa, olatua izatea: «Bi metroko olatua dago aurreikusia eta hori aldeko izango dugu. Itsasoa eskatzen ari gara urte osoan, agertoki horretan oso ondo moldatzen garelako. Ligan itsasoan izan ditugun estropadetan, bai Donostian bai Orion laugarren eta hirugarren postuak egin genituen hurrenez hurren, testuinguru horretan konfiantza handia dugu. Guk gurea egiten badugu, itsaso txarra badago, eta zortzigarren postuan izanik galtzeko ezer ez dugula jakinda, bertsio onena atera dezakegula uste dut eta posturen bat gora egin». Argi esan du itsasoa nahi dutela lehiatzeko, hor aritzen direla ongi, «baina gure lana ere egin behar dugu. Neguan bloke oso ona egin dugu, asko atera gara itsasora, eta asko hobetu dugu».
Kiniela egitera ez da ausartu lemazaina. Helburua, argia: postuak gora egitea, arraun taldearen bertsiorik onena emanda.
Egindako lanarekin pozik
Gizonen Ama Guadalupekoa ontziko entrenatzaile Mikel Orbañanos ere pozik da lehen igandean traineruak egindako estropadarekin, euren errendimendu onenetik oso gertu ibili direla esanda: «Inongo aitzakiarik jarri gabe estropada handia egin genuela iruditzen zait. Aurreko urtetik aldaketa handiak egin ditugu, ontzi barruan Kontxa lehenengoz jokatu duten arraunlariak ditugu, eta horrekin batera, bigarren txandan lehenengoarekin alderatuta baldintza okerragoekin joan ginen».
Aldaketa handiak izan ditu Hondarribiaren ontziak, arraunlari batzuk bukatu dutelako arraun aroa, eta beste batzuk beste talde batzuetara joan direlako. «Eskertu egin nahi diet gurekin egindako bidea, eta errespetatzen ditut erabakiak, baina horrek guztiak eragina izan du gugan».
Igandeari begira jarri da prestatzailea: «Gustatuko litzaiguke ariko garen txanda horretan lehenengoarekin lehian ibiltzea. Bertan ditugu Getaria, Lekeitio eta San Juan; liga osoan izan ditugun aurkariak dira, maila berdintsukoak, eta horiei aurrea hartzea gustatuko litzaiguke, baina ez da erraza izango. Ondo ibili dira uda osoan. Lehenengo helburua lortuko bagenu, ohorezko txandan zein emaitza egiten duten ikusi beharko genuke. Guk gure lana ongi egiten badugu, agian aurkariren bati aurrea hartzea diogu».
Aldaketak gorabehera, udan lortutako emaitzekin eta izan duten erregulartasunarekin «oso pozik» azaldu da: «Beti oso itxura ona emanez ibili gara, gehienetan hamar hondarribiar eskifaian genituela. Traineruan hainbeste etxeko arraunlari izatea oso garrantzitsua da, herria identifikatuta sentitzen da. Hori sumatu dugu, nahiz eta aurreko urteetako emaitzarik ez izan».
Zortzi urte Kontxatik kanpo egin ostean lehia handian da berriro San Juanen gizonen ontzia. Lehen jardunaldian egindako lanarekin «gustura» azaldu da Joseba Fernandez entrenatzailea: «Beharbada txandarekin ez genuen zorte handirik izan, baldintza pixka bat okerragoetan arraun egin behar izan genuelako, baina uste dut nahiko estropada betea egin genuela. Estrategiak huts egin zigun, pentsatu genuelako Donostiarrak gure kalea hartuko zuela, eta haren ubera hartzeko asmoa genuen haizea mozteko; ez zuen horrela egin». Bueltako luzea, joanekoa bezala «txukun» egin zutela gaineratu du Fernandezek, «kontuan hartuta helburua beteta genuela Kontxan sartzearekin, iruditzen zait zazpigarren postua ongi dagoela».
Igandean «borrokarako prest» irtengo direla azaldu du sanjuandarren prestatzaileak: «Itsasoa, olatuak iragarrita daude eta agertoki horretan eroso sentitzen gara, ez gara vatio asko duen talde bat, eta teknika aldetik nahiko doituak gara. Nahasia dagoenean itsasoa gure burua ziur ikusten dugu, eta egoera horri etekina ateratzen badakigu. Espero dugu itsasoak ahalik eta gehien zailtzea estropada igandean, eta ea abil ibiltzen garen hor emaitza hobetzeko. Sailkapenean postu bat edo bi gora egitea lortuko bagenu ondo legoke, baina zaila dagoela jakinda, topera aterako gara ea zer aukera sortzeko gai garen».
Kontxan, izateak «finkotasuna» eman diela dio. «Ziurtasun bat ematen dio proiektuari, aurrera pausu garrantzitsua da aurrera begira. Belaunaldi berri honi eskarmentu handia emango dion esperientzia izango da aurtengo sasoi hau, ahaztu gabe herriak Kontxan sartzeko zuen gogoa».
