Iraila bukatzeko, Urdabururekin Pirinioetara
Hilaren 27-28 artean bi eguneko irteera proposatu du herriko mendizaleen taldeak. Hilaren 20an, berriz, Arabako Biraren 29. etapa.
Le Lurien gainaren (2.826 metro) gainaren ondoko lakutxoa. Bi proposamen ditu irailerako Errenteria-Oreretako Urdaburu Mendizale Elkarteak. Denboran lehena Arabako biraren 29. etapa da, hilaren 20an egingo dena. Hurrengoa, Pirinioetara bi eguneko irteera da, hilaren 27 eta 28rako.
Pirinioetako txangoari buruz, Urdaburuko jakinarazi du Migouelou aterpean pasako dutela larunbat eta igande horren arteko gaua. Lehen egunean hiru bat orduko ibilbidea egingo dute Valee d’Arrensen hasita aterpe horretaraino; bigarren egunekoa (hilak 28, igandea) luzeagoa da, zortzi ordukoa: aterpean hasi, La Lurien gaina zapaldu (2.826 metro) eta Lac de Fabreguesen bukatuko dute bidea.
Bi eguneko irteeran izena emateko aukera zabalik da, hilaren 23ra arte. Hori egiteko mendizaleen elkartearen egoitzatik pasa daitezke astearte eta ostegunetan interesdunak (19:00-21:00), edo 943 52 78 79 telefono zenbakira ere dei dezakete. Online izen ematea ere balia dezakete hala nahi dutenek. Irteeraren prezioa 75 eurokoa da: diru sarrera nola egin, eta bidaiaren xehetasunak ikusteko baliatu esteka hau.
Arabako Bira
Etapak agortzen ari da Urdabururen Arabako bira. Hurrengo irteera hilaren 20an (larunbata) izango da, Arlabaneko gainetik hasi eta Larrea herria artekoa (zazpi ordukoa da). Bidearen xehetasunak ikusteko baliatu esteka hau. Horretan izena emateko bideak Pirinioetako irteeraren berberak dira; hemen, Internet bidez izena emateko aukera.
