Emakumeen ahalduntzerako tresnak Pasaian
Pasaiako Udaleko Berdintasun arloak Jabetze Eskolaren ikasturteko jardueren berri eman du. Izena emateko epea astelehenean zabalduko da.
Jabetze Eskilen aurkezpeneko irudia; erdikoa da Laura Ré Berdintasun zinegotzia.Pasaiako Udala Pasaiako Udalak ikasturtean Emakumeen Jabetze Eskolak izango duen izaeraren berri eman du, horretan izena emateko aukera zabalik dela adieraztearekin batera. Osotara hogei proposamen landu dituzte udaletik, eta berritasunik ere badela azaldu dute. Izen emate epea hilaren 15etik (astelehena) urriaren 5era arte da zabalik. Apuntatzeko aukeren berri izateko baliatu esteka hau.
Urrian hasiko dira eskolaren barruko tailer, ikastaro eta hitzaldiak. Laura Ré Berdintasun zinegotziak balioa eman dio orain artean eskolak egindako urtetako lanari, eta herriko emakumeen topagune dela zehaztu du. “Premiazkoa izaten jarraitzen du, emakumeen ahalduntzea eta herri justuago bat eraikitzeko bidean. Jabetze Eskola ez da ikastaro eta tailerren katalogo bat; espazio eraldatzailea da. Eskolak aukera eskaintzen du ezagutza eta tresna berriak eskuratzeko, baita esperientziak partekatzeko eta elkarren arteko sareak sendotzeko ere. Horregatik, bide honetan aurrera jarraituko dugu Pasaiako Udaletik”.
Xehetasunetan sartuta, abiatuko den lehen ikastaroaren berri eman du udalak. Pepa Bojoren gidaritzapean emakumeen eta feminismoaren historiari buruzko ikastaroa jasoko du San Pedroko Palazio Txiki guneak. Gainera, Vega Ayllonen eskutik mindfullness saioak egingo dituzte Antxoko Kultur Etxean eta Trintxerpeko alkateordetzan. Gatazkak konpontzeko tresnak ere jaso ditzakete herriko emakumeek, Nerea Redondo Otamendik asteartero horren gaineko tailerra egingo duelako Antxoko Kultur Etxean (azaroan eta abenduan). Era berean, Iera Urretagoiena Kortadi fisioterapeutak jarraibideak emango ditu zoru pelbikoa gorputz-kontzientziaren bidez ezagutzeko, indartzeko eta zaintzeko.
Berritasunak eta jarduera gehiago
Amatasun feministei eutsiko die ikasturtean emakumeen topaguneak, bi ama talde sortzea dutelako asmo Antxon (Lizeoaren egoitzan egingo dituzte saioak) eta Trintxerpen. Nahia Alkorta Elezgarai eta Ione Mendizabal arduratuko dira, hurrenez hurren, bi ama taldeak dinamizatzeaz. Alkortak ,bestalde, indarkeria obstetrikoei buruzko hitzaldia emanen du urriaren 13an Trintxerpen. Amatasunaren gaineko lan-lerroa ikasturteko berritasunetakoa da.
Dibertsitatea duten emakumeek askotariko diskriminazioak jasaten dituzte, eta horri begira abenduaren 1ean tailerra izango da Donibanen Elkartu elkarteko Rosa Ugalde Urbistondoren eskutik. Tailerrekin jarraiki, Izarne Castillok Donibanen egingo den Ispiluarekin adiskidetzea tailerrean gizarteak markatutako edertasun-kanonetatik irteten diren emakumeek jasaten dituzten indarkeria estetikoei eta lodifobiari buruz hitz egingo du.
Minbizia duten emakumeek ere izango dute tartea ahalduntzeko jardueren barruan, Iñurri elkarteari esker. Urriaren 27an, Minbizia ikuspegi feministatik hitzaldia eskainiko dute Juanba Berasategin, Iñurriko Nahia Intxaustiren eskutik.
Musikarekin ere ahaldundu daiteke. Tokia izango dute adierazpide horren bitartez ahalduntzeko espazioek. “Alde batetik, gizarte patriarkalak historikoki isildu dituen emakumeei ahotsa emateko kantu subertsiboko tailerra antolatu da, eta, bestetik, rap feministaren tailerra, Euskal Herriko erreferente gorenetako batekin: La Basu. Pasai Antxoko La Bombonera gunean izango dira biak”, azaldu du udalak.
Pasaiako Berdintasun Mahaiko kideek egindako iradokizunen artean, Miren Unsuain Agirrebeña abokatuak Pasai Antxoko Kultur Etxean herentzia eta testamentuei buruzko ikastaroa emango du.
2026ko urtarrilean, iaz hain harrera ona izan zuen Brikolaje eta Konponketa ikastaroa errepikatuko da Carmen Melchorrekin.
Aurreikusita daude, halaber, Munduko Emakumeen Literatura izeneko hiru saio.
