Goiko Eskolak 25 urteak ospatuko ditu
Urriaren 3an eta 4an ospatuko dute urteurrena, Arragua auzoko Goiko Eskola gune autokudeatuan. Lau kontzertu eta antzezlan bat eskainiko dituzte.
Goiko Eskola, bosgarren urteurrenean. Oiartzungo Arragua auzoko Goiko Eskola kultur gune okupatuak 25 urte bete ditu aurten. 2000. urtean ireki zituen ateak, eta harrezkeroztik, ehunka ekimen izan dira bertan. Orain, urteurrena ospatzeko prestaketak egiten dabiltza, urriaren lehen egunetan dena prest edukitzeko. Urriaren 3an eta 4an ospatuko dituzte 25 urteak, musikaz blai.
Solasaldi batekin hasiko da urteurrena. Gune autokudeatuen egoerak eta etorkizuna izango dira solasaldiaren oinarria. Mahai inguru moduan antolatuko dute, eta Euskal Herriko txoko ezberdinetako guneetatik hurbilduko da jendea. 18:30ean hasiko da. Ondoren, 21:00etan, afaltzeko momentua izango da. Afalostean oholtza betetzen hasiko da. Bi kontzertu izango dira lehenengo egunean. Bad Sound System eta NUN taldeek girotuko dute Arraguako gaua.
Larunbatean, herri bazkaria egingo dute. Arratsaldean, antzerkia izango da, 20:00etan, eta 22:00etan berriro ere kontzertuak: Lepora eta Boogie Van.
Ekitaldi guztiak doakoak izango dira, eta Goiko Eskolako antolakuntzaren aldetik, jendea haien gunera hurbiltzera animatu dute, denon artean gune autokudeatua aurrera eramatera.
